Ariane KAMIO
DONOSTIA

Maitasuna, ideia bat

Donostiako lehia ofiziala maitasun aferekin abiatu da aurtengoan. Juan Verak zabaldu zuen Urrezko Maskorrerako lehia ostiralean, “El amor menos pensado” lanarekin, hogeita bost urteko ibilbidea egin duen bikote batek etorkizunari begira egiten duen hausnarketa. Bada, atzo aurkeztutako lehiako bigarren filma ere , Louis Garrelen zuzendaritzapean egindako “L’homme fidèle”, gai bertsuaren ingurukoa da. Oraingoan, baina, harreman hirukoitza da zuzendariak –eta protagonistak– planteatutakoa. Marianne (Laetitia Casta) eta Abel (Louis Garrel) bikote dira unibertsitate garaian, baina emakumeak gizonezkoa utziko du, di-da batean, honi haurdun dagoela esan eta haurra ez dela berea, Paul lagunarena baizik, aitortuta.

Harremanak etena izango du eta zortzi urteren bueltan berriz ere abiatuko dute, Paulen bat-bateko heriotzarekin. Joseph semea ezagutuko du Abelek orduan eta ez du sekula jakingo semea benetan lagunarena edo berea izango den. «Gidoia idazten ari nintzenean medikuekin hitz egin nuen eta haietako batek esan zidan: ‘Badakizu? Familien %25ean hirugarren semea ez da inoiz izaten espero duzun horren semea edo alaba’. Frantzian asko gertatzen da. Hirugarren seme-alabak baldin bazarete, agian zuen aita ez da zuek uste duzuena», bota zuen bromatan kazetarien aurrean.

Erlazio kapritxosoa sortu du Louis Garrelek, Paul zenaren arreba txikia, Eve (Lily-Rose Depp) sartzen baitu tartean. Nerabe zenetik Abelekin obsesio sentimentala duen neskatoa da, dagoeneko emakume bihurtua. «Denok konturatzen gara une batean jada neskatxo bat izateari utzi diogula, emakume bat bihurtu garela, eta hor badator botere bat emakume izatearekin. Pertsonaian hori ikus dezakegu», Lily-Rose Deppen hitzetan. Eta, Abel, objektu hutsa izango da bien artean. Zuzendariak berak aitortu zuen prentsaren aurrean nahita egindako hautua izan zela. «Filmean emakumeek erabakitzen dute dena. Askotan bizitzan eduki ditut momentu horiek zeinetan nik ez dudan erabakirik hartu. Hori da filmean gertatzen dena. Bi emakume daude eta Abel tratatzen dute globo bat balitz bezala, batera eta bestera».

Gidoia idazterakoan Jean-Claude Carriere beteranoa izan du lagun eta haien arteko adin desberdintasuna une askotan agerian geratu dela azpimarratu zuten atzo. 87 urte ditu batak, 35 besteak. «Gustatzen zait filmak egitea emakume eta gizonei buruz. Nire obsesioa da zuzendari eta ikusle gisa. Ikusi nuen bikote ona izan gintezkeela, bakoitzak bere adina du, eta agian ni bera baino sentimentalagoa naiz, bera gogorragoa da. Berak gorroto du melodrama, niri izugarri gustatzen zait. Gidoia egiterakoan gatazkatxoak bagenituen; ni dardarka izaten nintzen sarri, benetan miresten dudalako».