Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
JON ALBERDI
ASEGARCEKO pilotaria

«Iruditzen zait, aurreneko urteetan behintzat, sufritzea tokatuko zaidala»

Ilunpe klubeko harrobia da, ezbairik gabe, Euskal Herriko azken urteetako emankorrenetako bat. Bada, lan horrek saria izango du ostiralean, Jon Alberdi aurrelari azpeitiarraren debutarekin. Gozatzeko eguna izango du etzikoa, Izarraitz pilotalekuan ez du aldeko oihu eta pankartarik faltako, baina, duen konpetentziarekin, badaki oztopoz betetako ibilbidea duela aurrean.

Ilunpe klubeko zaharragoek berarekin egin bezala, Azpeitiko benjaminak entrenatzen jarduten du Jon Alberdik eta horietako saio baten ostean hartu gaitu.

Debuta beti dator ondo. Esperotako garaian dator?

Halako aukerak gutxi izaten dira eta niri heldu zait. Alde horretatik oso gustura nago, izan ere, askotan nahiz eta pilotan oso ondo jokatu, aukerak ez dira iristen. Niri heldu zait, gogo handiekin nago eta ahalik eta gehien baliatzeko asmoarekin.

Oso gaztea izanagatik, ofizioko pilotaria zarela diote. Nola definituko zenuke zure burua?

Ni berez ezkerra naiz, nahiz eta gero sakea egiterako orduan-eta eskuinarekin atera. Esango nuke ezkerra nahiko ondo maneiatzen dudala, eta eskuinarekin maila horretara heltzeko oraindik ere dezente falta zaidala. Erasoan nahiko gustura nabil azkenaldian, baina defentsan, batez ere zabalalde horretatik, esango nuke dezente falta zaidala. Azken urte honetan eskuinarekin ere aurrerapen nahiko egin dut eta ea horretan jarraitzen dugun.

Noiztik daramazu profesionalekin entrenatzen?

Iazko ekain aldera hasi nintzen; Tolosan entrenamendu pare bat egin, nahikoa ondo irten zitzaizkidan eta astero joateko esan zidaten. Iazko irailetik astean gutxienez saio bat egiten aritu izan naiz eta udan bi egitea ere egokitu zait.

Eta entrenamendu horietan nola ikusi duzu zure burua?

Orain iruditzen zait aurreneko urteetan behintzat sufritu egin beharko dudala. Nire enpresan azkena debutatu zuen aurrelariak orain dela bi urte debutatu zuen, esperientzia bat badute hortaz, eta nik esperientzia hori hartzeko denbora beharko dut. Oraindik fisikoki ere iruditzen zait gora egiteko badudala, eta horregatik diot sufritzea tokatuko dela. Aurrera begira, berriz, ea maila polita hartu eta egiten duguna aurrera egiten dugun.

Helbururik jarri diozu zure buruari edo momentuz egokitzearekin nahiko?

Oraingoz ez nuke helbururik jarriko. Gero iritsiko da helbururen bat jartzeko eguna, baina, orain, egiten dudana behintzat, aurrera izan dadila. Esan nahi dut, ikasten duguna behintzat, hoberako izan dadila. Iruditzen zait hor goian egoteko hobetu beharra dagoela eta horretan saiatuko gara.

Zein modalitatetan moldatzen zara hobekien?

Orain arte hiru modalitateetan jokatzen jardun dut. Orain dela hiru urtera arte-edo atzelaria nintzen, baina lau eta erdian ondo moldatzen nintzen eta hortik etorri zen aurrera pasatzeko erabakia. Momentuz ematen du ondo irten dela. Hiru modalitateetan jokatu izan dut; Gipuzkoako selekzioarekin jokatu izan dut buruz buru kantxa osoan, binaka ia urte osoan aritzen gara eta lau eta erdian ere Biharko Izarrak torneoa irabazi nuen. Profesionaletan maila askoz handiagoa izango da hiru modalitateetan, eta ikusiko dugu hiruretan jokatzeko gaitasunik badugun.

Nolatan atzetik aurrerako aldaketa hori?

Orain hiru bat urte izango zen, esan bezala, lau eta erdian emaitza onak ateratzen ari nintzen eta erabaki genuen txapelketa batean aurretik probatzea. Gasteizen izan zen, Lakuako Txapelketan, Oiartzungo Etxeberriarekin eta kasualitatez-edo, oso ondo irten zen eta txapela irabazi genuen. Gero beste pare bat jokatu eta oso ondo joan zenez...

Ostiralekoa zure lanaren saria da, baina badu garaipen kolektibotik ere, Azpeitian eta Ilunpe klubean egiten ari den lan eskergaren fruitua da...

Bai, hala da, kristoren martxa dago. Umeak ere oso maila onekoak datoz, kopuru handia dabil pilotan eta azkenean kopurutik dator kalitatea. Herriartekoak ere indar handia eman dio klubari; saltsa horrek ume asko frontoira erakarri ditu. Lau txapela irabazi ditugu jarraian eta horrek indarra eman dio pilotari Azpeitian. Aparte, klubean oso lan ona egiten ari dira.

Debut handia jarri dizute: Albisurekin, Oinatz Bengoetxea eta Untoriaren aurka.

Bai. oso gogorra. Esan daiteke partida hori irabazteko gure onen-onena eman beharko dugula, akatsik txikienik gabe; horrez gain, eurek egun kaskar xamarra izan dezatela... Baina nire partida egin nahiko nuke eta ea deskuidu batean susto bat ematen diegun.