Ariane KAMIO
DONOSTIA

Madarikazio aleatorioa

Absurdoa laztantzera iristen da une batzuetan «In Fabric», baina proposamen bakana da, ausarta eta une interesgarriak uzten ditu. 60ko hamarkadako zinetik badu inspirazioa, arlo erotikoari eta fetitxistari dagokionez. Iritzi polarizatuak sortu ditu Zinemaldian.

Denetariko iritziak sortu ditu Peter Stricklandek Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean. Batzuek ez dute filma jasaterik izan, eta aretotik atera dira metraje erdian (ia bi orduko iraupena du lanak). Besteentzat, ordea, etxe honetako kritikari Victor Esquirolen antzera, edizio honetako proposamenik interesgarrienetakoa da. Stricklandek bere haurtzarora egin du jauzi eta han iltzatu ditu begiak; begiak eta kamera, bost hamarkada atzera egiteko gonbita egiten baitu zuzendari britainiarrak.

Soineko gorri bat egiten du guztiaren abiapuntu. Soineko gorri hiltzailea dei dakioke, aleatorioki biktimak aukeratzen dituen ehun zati hilkorra. Bi drama planteatzen ditu Stricklandek bere lanean; Sehila izeneko emakume beltz batena, batetik, eta ezkontzeko asmotan den bikote gazte batena, bestetik. Tragedia estetiko bat, ondo trazatutakoa.

Protagonismo ia osoa hartzen duen soineko gorri madarikaziodunak saltoki gune handi batean du sorburua, estilo gotikoz jantzitako madame batzuen konplizitatearekin saldua. «Haurra nintzela askotan joaten nintzen halako tokietara erosketak egitera, eta 50eko hamarkadara atzera egitea bezalakoxea zen. Manikiak eta haien hatz luzeak. Amets gaiztoak izaten nituen askotan», nabarmendu zuen zuzendariak hedabideen aurrean. Kutsu gotikoa ez ezik, izaera banpirikoa laztantzen duen pertsonaiarik ere badu, atmosfera erotiko eta fetitxista bateraino eramanez filma une askotan. Badu eszena zehatz bat non maniki bati ukituak egiten dizkioten bertako emakume gotikoek, kristalaren bestaldetik dendako arduraduna ikusten duenarekin masturbatzen den bitartean. «Manikiak hilerokoa du. Odola da soineko gorriaren tinda. Arraroa izan daiteke hau, baina gorputzeko fluxu horiek arropan bukatzen dute, izerdiarekin gerta daitekeen bezala».

Soineko gorriak ibilbide desberdinak egiten ditu eta aleatorioki erabakitzen ditu bere krimenak. Senarragandik banandurik dagoen eta semearekin harreman zaila duen emakumezkoaren kasua da bat. Ezkontzeko asmotan den bikotea, bestea. Garbigailu konpontzailea da senarra, eta matxuraturik dauden gailuei buruzko bere azalpenek anestesiatuta uzten dituzte ingurukoak. Hor beste elementu fetitxista bat.

«Soinekoa minbiziaren gisan aleatorioa da, edonor hil dezake arrazoirik gabe. Baina filmak ez du inor epaitzen kontsumitzailea delako. Hori garrantzitsua da», gaineratu zuen Stricklandek. Filmean agertzen den indarkeriari buruz galdetuta, bere arrazoiak eman zituen zuzendariak. «Ez da beldurrezko edo mamuen istorio bat, baina badago maldizio bat. Genero pelikula bat da eta jantzi madarikatu horrek hil egiten du jendea. Indarkeria? Jendea hil egiten da, baina ez dituzte beste pertsonek hiltzen. Historiaren oinarrietako bat hori zen eta filma ez litzateke horrela izango indarkeriarik ez balego. Horrela izan behar zuen derrigor».