GARA
BILBO

Pertsona dela ardatza diote Bilboko nazioarteko foroan

Herrialde ugaritako 1.700 pertsona baino gehiago izango dira Bilbon, hiru egunez, gizarte ekonomiari buruzko foroan. Erronka ezberdinen erantzunaren ardatza pertsona dela nabarmendu dute.

‘‘Gizarte-ekonomia eta hiriak. Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna’’ du izenburu atzo Bilbon hasi zen gizarte ekonomiari buruzko foroak. Asteazkenera arte iraungo duen batzarrean munduko hainbat herrialdetatik etorritako 1.700 lagunek parte hartuko dute.

Global Social Economy Forum (GSEF) gizarte zibileko eragileak eta tokiko gobernuak biltzen dituen nazioarteko erakundea da, ekonomia sozial eta solidarioaren garapenarekin konprometituta dagoena. Ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko erakundeen eta tokiko gobernuen arteko elkarlana bultzatzeko helburuarekin sortu zen.

Irekiera ekitaldiaren ostean, nazioarteko alkateen arteko saioa hasi zen. Won-soon Park Seulgo alkatea, Juan Mari Aburto Bilbokoa, Gerardo Pisarello Bartzelonako lehen alkateordea eta Jorge Garcia Castaño Madrilgo udaletxeko Ekonomia delegatua gizarte ekonomiaren alde egin duten apustuaz mintzatu ziren, hirien garapen sozial eta ekonomikoaren ardatza apustu hori dela nabarmenduz. Mondragon Korporazioko Kontseilu Nagusiaren presidente Iñigo Ucinek eta Christophe Itier Parisko Gobernuko ordezkariak ere parte hartu zuten.

Saioaren une batean nabarmendu zutenez, gizarte ekonomia «ez da, dagoeneko, alternatiba, innobazioa dakarren modeloa baizik». Gaineratu zutenez, «guztion bizitza hobetuko du».