Asier AIESTARAN
K-1

Euskal Selekzioa Letoniara doa

Aratz Garmendia, Lander Ripodas eta Alex Timoth amateur mailako Munduko Txapelketan izango dira asteburu honetan.

Askotan kickboxingarekin nahasten den arren, izaera propioa duen kirola da K-1 delakoa, eta Euskal Herrian ere bere jarraitzaile eta goi-mailako kirolariak ditu. Hain zuzen ere, horietako hiruk amateur mailako Munduko Txapelketan hartuko dute parte ostegunetik igandera Rigan, Letonian. Aratz Garmendia, Lander Ripodas eta Alex Timoth dira aukera hori izango dutenak, eta, gainera, Euskal Herriko selekzioa ofizialki ordezkatuko dute lehiaketa horretan.

Jokin Ibarra EHK1 federazioko presidenteak azaldu duenez, Rigako hitzordua ustekabean iritsi zaie, nahiz eta beraiek aurretik ere lanean jardun. «Kickboxinga boxeoko federazioan sartuta daukate, eta guri ere aukera hori bakarrik uzten ziguten. Askotan egoera deserosoak ere eduki izan ditugu horregatik kanpora irten izan garenean, eta Euskal Herriko kluben artean lanean hasi ginen bertako K-1 federazio propio bat sortzeko».

Federazio horren bidez, Euskal Herriko Txapelketa prestatzeari ekin zioten, eta, aurrera begira, txapeldunei martxoan Ingalaterran jokatuko den Munduko Kopan parte hartzeko aukera eskaini nahi zieten. Prestaketa horietan sartuta zebiltzala, ordea, amateur mailako Munduko Txapelketan parte hartzeko gonbidapena jaso zuten. Ibarrak onartu duenez, gonbidapena ez zuten espero eta federazioaren egitura ere oraindik ez da oso sendoa, baina, era berean, argi zuten horrelako hitzordu bati ezin ziotela ezetz esan, are gehiago Euskal Herria nazioartean ordezkatzeko aukera ematen zuelako.

«Berriak gara, ez daukagu dirurik, baina 76 herrialdek parte hartzen duten lehiaketa batean Euskal Herriak ofizialki lehiatzeko aukera izatea pasatzen utzi ezin genuen tren bat zen. Azkenean gure kontura joango gara, dirua gure poltsikotik jarrita, baina aurrera begira uste dut urratsak ematen jarraitu beharko genukeela».

Euskal Herrikoa, Zornotzan

Rigara joan ahal izateko erlojuaren aurka lanean dabiltza EHK1-eko kideak: kamisetak egin, bidaia prestatu... Euskal Herria Kirola erakundearen laguntza eskertzen dute, eta Gasteizko Gobernuaren babesa ere izan dute –atzoko aurkezpenean Almudena Otaola Kirol kabineteko burua egon zen–, eta etorkizunean harreman horiek indartzen segi nahiko lukete.

Zornotzako Udalaren laguntza ere ez zaie falta izan. Bizkaiko herri horretan egingo da hain zuzen ere Euskal Herriko K-1 Txapelketa datorren azaroaren 24an, eta atzoko aurkezpen ekitaldia ere bertan egin zuten. Eta esan bezala, arazorik ez bada sortzen, Euskal Herriko txapeldunak 2019ko martxoan Ingalaterran ofizialki lehiatzen ikustea litzateke beraien hurrengo ametsa eta helburua.

Honi buruzko guztia: K-1