Ariane KAMIO
DONOSTIA

Formatu txikia kantu batzuen salbazio bide

Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak Lokatzetan Play proiektuari jarraipena eman dio Jon Gurrutxagaren «Kateak» single bildumarekin. Beste diskoetatik baztertutako kantuen hautapen bat egin du musikari elgoibartarrak, hautsa pilatzen jarraitzetik salbu izateko bide.

Arima Beltza eta UEK taldeetako kide izandakoa, Jon Gurrutxagak (Elgoibar, 1978) “Kateak” single bilduma aurkeztu berri du Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. «‘Kateak’ oso kantu desberdinen bilduma da. Azken urteotan sortzen joan naizen kantuetatik desberdinenak dira, ez nituenak rock disko baterako ikusten. Baina ez nituen ordenagailuan gordeta utzi nahi hautsa hartzen», esan zuen atzo Gurrutxagak.

Lokatzetan Play proiektuan formatu txikiko sorkuntzentzat lekua bilatu du. «Lan txiki bat da, bakarka aurkeztua, baina laguntza bikainarekin egina». Bidean hainbat kolaboratzaile izan ditu lagun. Xabi Lasak egin ditu “Kateak” bildumako lau kantuetatik biren letrak; Iñigo Gorrotxategi aritu da baxuan; Urbil Artola dobroan; Patxi Zabaleta gitarra elektrikoan; eta Peio Gorrotxategi teklatuan. Diskoa Ereñotzuko Aieka estudioan grabatu da eta Peio Gorrotxategik nahastu du. Masterizazioa, aldiz, Jonan Ordorikarena da, Mamia estudioan egina.

“Kateak” diskoan –binilo eta CD formatua dakar albumak diseinu zaindu batekin– musika estilo desberdinetatik edaten duten lau kantu entzun daitezke. «Nire bizitzan entzun izan ditudan estiloen antzekotasunak dituzte; rocka, bluesa, rock klasikoa...». Horrela, album laburra zabaltzen duen kantuak, “Kateak”, soularen eta gospelaren ukituak ditu; “Desitxuratuz” pop-rock melodikoa da; “Unearen oraina” da kanturik desberdinena, musikari amerikarren eraginpean osatua; eta “Wrinkled shirts and jackets” akustikoan egindako blues klasiko bat da. Gitarra elektriko bakarra dago proiektu honetan, eta, beraz, izaera akustikoa da nagusi.

Akustikoa grabaketan eta akustikoa baita zuzenekoetan ere. Gurrutxagak urriaren 19an aurkeztuko du bere lan berria Ondarroako Moby Dick aretoan, eta Urbil Artola izango du laguntzaile. «Orain gutxi ezagutu dut Urbil, nahiz bere ibilbidea ezagutzen nuen lehenagotik ere. Proiektuan parte hartzeko proposamena egin nion eta oso harreman ona egin dugu. Biok batera arituko gara zuzenekoa aurkezten». Hurrengo hitzorduak Elgoibar eta Bilbo izango direla aurreratu zuen Gurrutxagak berak.

Garai berrietara egokitzen

Gaztelupeko Hotsak zigiluak musikaren kontsumoaren aldaketetara egokitzeko nahian abiatu zuen Lokatzetan Play proiektua Txuma Murugarrenen “Marmokak eta itsas izarrak” lanarekin. «Musika kontsumitzeko moduak duen abiadak ez du dagoeneko astirik ematen disko osoa entzun eta hura amortizatzeko», azaldu zuten atzo zigiluko arduradunek.

Horri gehitu behar zaio 12 kantuko lan bat grabatzeak dakarren esfortzua eta gastu ekonomikoa. Errazagoa da bizpahiru abestirekin binilo formatu txukun bat osatzea. Opari bat. «Gaurko kontsumora hurbiltzeko era bat da. Binilo eta karatula zainduak, eta beste ekoizpen guztia digitalera doa». Zerrenda osatzen hurrengoa Joseba Tapia izango da, eta estilo desberdinen abanikoa are gehiago zabalduko du Lokatzetan Play proiektuan.