Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Thrillerra eta nobela historikoa nahastu ditu Joseba Lozanok

«Larrutik ordaindua» nobelak 1871ean Pariseko komunaren testuinguruan gertatzen diren hilketa batzuk kontatzen dizkigu. Hiltzailearen eta ikerketaren inguruko trama asmatutakoa bada ere, inguruko giroa gertakizun historikoetan oinarrituta dago.

1871. urteko Parisen gaude, eta Frantziako Iraultzaren bixamona nabari da gizartean. Gobernu kontserbadorearen aurkako altxamendu bat dago, komuna bat eraiki nahian. Gobernuak errepresioarekin erantzuten du eta hirian setio egoera ezartzen du iraultzarekin amaitzeko asmoz. Ehunka hildako daude egunero, baina, horien artean, batzuk atentzioa ematen dute. Bizkarreko azala kenduta dute gorpuek.

Hori da Joseba Lozanoren “Larrutik ordaindua” eleberriaren abiapuntua. Dena benetan gertatu zen, lehen paragrafoko azken esaldi hori izan ezik. Alberdania argitaletxeko editorea den Jorge Gimenez Bechek idazlearen literaturgintza txalotu zuen aurkezpenean, baita pertsonaia desberdinak espazio batean kokatu eta haien arteko harremana naturaltasunez jorratzeko Lozanoren gaitasuna ere.

Era berean, aipatu zuen testua oso aberatsa dela, baina horrek ez duela irakurgarritasuna mugatzen. Izan ere, liburu bizia da, irakurlea «engantxatzeko» helburua duena. Idazleak berak ondoren esan bezala, irakurketa bakarra behar duten esaldiak erabili ditu, ez duelako istorioa eten nahi. Horregatik, bai irakurle amorratuentzat bai irakurtzeko ohitura asko ez dutenentzat aproposa dela uste dute biek.

Hizkuntzari dagokionez, idazleak euskara aberatsa erabili duela onartu zuen, eta hori aurretik zuen lanari eskertu zion. Izan ere, administrazioan hizkuntza normalizazioaren arloan aritzen zen, etengabe euskararekin kontaktuan.

Editoreak ere azpimarratu zuen bi genero oso definitu «maisuki» nahasten dituela; alde batetik, eleberri historikoa, eta, bestetik, nobela beltza. «Gaur egun nobela historia aipatzean jendeak ez du onean hartzen, zabor asko dagoelako etiketa horrekin, inolako zilegitasun historikorik gabekoa», adierazi zuen. “Larrutik ordaindua”, ordea, ondo dokumentatutako lana dela azpimarratu zuen. «Alberdaniarentzat plazer handia da liburu hau argitaratzea», plazaratu zuen.

Egia fikzioan txertatuz

Bizkarra larrututa duten gorpuetan gelditu gara lehen. Komunak erabakitzen du heriotza horiek ikertu egin behar direla, ospe txarra ematen diotelako, eta, ikerketek fruiturik ematen ez dutenez, Sophie Blancheti egiten diote eskaera. Emakume hori da eleberriko protagonista; psikiatriko bateko langilea izateaz gain, hiltzaileen portaerak ikertzen ditu. Bere aginduetara bi gizon jartzen dituzte, matxinadaren alde bere bizia emateko prest den idealista bat eta “zikinkeria” garbitzen aditua den beste bat. Hirukoteak arrisku bikoitzari aurre egin beharko dio: Gobernuko Armadaren errepresioari eta hiltzaileari.

«Frantziako Iraultzari buruz asko dakigu, baina komunaren istorioa nahiko ezezaguna da, eta hemen ondoan gertatu zen, duela 100 urte soilik. Hilabete gutxian gauza interesgarri asko gertatu ziren eta horrek asko interesatzen nau», esan zuen idazleak.

Kontatzen diren gauza asko benetan gertatu ziren eta pertsonaia asko ere benetakoak dira. Adibidez, Sophie Blanchetek lana egiten duen ospitaleko nagusia benetan existitu zen. Garai haiek liluratuta dute Lozano, eta pil-pilean zeuden gaiak liburuan islatu ditu. «Psikiatrikoan histeria agertzen da, eta hura sendatzeko modu bitxia zegoen; egun gaixotasun mentalak diren hainbat gaitz, orduan koldarkeriarekin nahasten ziren; elektrizitatearekin esperimentuak egiten zituzten, garai hartakoa da Frankenstein... Alemania bera ere garai horretan sortu zen...», laburbildu zuen idazleak irribarre batekin. Amaitzeko, nobela bera «nahiko zinematografikoa» dela gehitu zuen Lozanok, «gauza pila bat» gertatzen direlako.