Mikel ZUBIMENDI
ARANTZAZU
Elkarrizketa
JEROEN DARQUENNES
LINGUISTIKA IRAKASLEA NAMUR-EKO UNIBERTSITATEAN

«Hizkuntzarekin zer nahi da, nola? Kontuz desiratzen den horrekin!»

Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrean izan da hizkuntza minorizatuetan aditua den hizkuntzalari hau. Modu gordin, didaktiko eta desafiatzailean plazaratu zituen bere iritziak, zer pentsatua emanez, kanpotik ikasteko aukera paregabea eskainiz.

Bere txostena Arantzazun aurkeztu ondoren, GARArekin aritzeko tarte bat gogo onez eskaini zigun Darquennes-ek, linguistika germaniko eta orokorrean irakasleak. Euskararen estandarizaziotik abiatuta, hausnarketarako gako ederrak uzteko.

Hizkuntza minorizatu baten estandarizazio prozesua, hasiera batean, kaotikoa dela diozu, desordena totala. Ez dela sekula amaitzen, haren kontrako erantzuna ziurra dela… Kaosa errealitate berrien ama da sarritan, erditu aurreko uzkurdurak baino gertakari kaotikoago gutxi daude, ezta?

Hala da, kontestu minorizatuetako hizkuntza garaikide ororen estandarizazioa desordena totala da hasiera batean. Aldaera eskuragai pila bat dituzu hasieran, eta aldaeren merkatu horretan aukeraketa bat egin behar duzu, gauzak hautatzen hasi behar duzu. Haugenek (Einar Haugen linguista estatubatuarra, 1906-1994) garatutako modeloa ikusten baduzu, berak lau maila identifikatu zituen; hots, hautaketa (arazoa identifikatzea); kodififikazioa (morfologia, hiztegia…), inplementazioa (kodifikatutakoa zuzen ezartzen den, jendearekin feed-back-a dagoen…); eta elaborazioa (hizkuntzak sekula izan ez dituen domeinuetara sarbidea). Eta batzuetan lau maila hauek aldi berean garatzeak nahitaez sortzen du kaos bat.

Niretzat ezin da agindu modu ordenatu batean, ezin zara hasi esanez lehenik marra bat egiten dut eta gero poliki-poliki egingo dut estandarra. Ez, ez da horrela. Zure inguruan dauden gauzak oso kontuan hartu behar dituzu, eta prozesu bat baino, aldi berean ematen diren prozesuak direla barneratu behar duzu. Ezin duzu esan «has gaitezen alfabetoarekin lehenbizi eta gero segi dezagun sintaxiarekin, eta gero lexikoarekin eta abar, eta abar», ez. Eta horrek sortzen du zalaparta; euskararen kasuan ere hala izan zen, ezta? Jendeak bere iritzia dauka, eta eztabaidak dauzkazu jendeak iritzi ezberdinak dituelako.

Badago beste puntu bat ere: estandarizazioa ez dagoela sekula bukatuta. Estandarra finkatuta duzunean jendeak erabiltzen hastea nahi duzu. Baina jendea aldaera hori erabiltzen hasten den momentutik, aldatu egingo da. Zergatik? Gizartea aldatu egiten delako, inguruan dauzkazun hizkuntza handiagoak aldatu egiten direlako. Baina ikusi dialektoak, eta dialektoak ere aldatu egiten dira. Hizkuntzen eta hizkuntzen aldaeretan aldaketa baino gauza tipiko eta osasungarriagorik ez dago.

Maiz entzuten da estandarizazioak ez duela berez hizkuntza bat-bateko eta naturala sortzen. Ados zaude?

Automatikoki ez, hori azpimarratu nahi dut. Hemen sortu zen hizkuntza estandarra ikusten baduzu, batez ere eskoletan eta komunikabideetan, oso modu formalean, finkatu zela antzematen duzu. Jendeak eskolan kanpoko hizkuntza bat ikasten duenean, esan dezagun frantsesa edo alemana, egiazki ikasten duzuna zure irakasleak onena dela uste duen estandarraren aldaera bat da. Eta gero herrialde horretara joaten zarenean, imajinatu alemana Belgikan ikasi duzula, ikasi duzun hizkuntza hori okindegian edo denda batean erabiltzen duzu eta jendeak ia berehala antzematen du kanpoan ikasi duzun aleman estandar aldaera bat erabiltzen ari zarela, eta konturatzen zara ikasi zenuen hizkuntza ez dela beste herrialdean jaio eta bizi eta ama-hizkuntza izan dutenena.

Ez zarenean euskaraz hitz egiten duen familia batean hazi, eta eskolan euskara estandarra ikasi duzunean, eta estandar horiek bizitza komunitarioan erabiltzen dituzunean, jendeak esango du… «estandarra eskolan ikasitako euskalduna da hau». Eta galdera da: zer egiten du horrekin eskola euskara estandarra ikasi duenak? Ondo eta suelto sentitzen da? Kezkatua? Besteak konbentzitu behar ditu euskararen beste aldaera batzuk ere badaudela ohartzeko?

Beraz, ahalegin hori ezin da argazki batean jaso, ez da txosten batean kabitzen, dinamikoa da, dialektikoa, amaigabea...

Estandarizazioaren hasiera batean ez dago prozesu bat, prozesu asko dira aldi berean. Baina oso inportantea da azpimarratzea ez litzatekeela kontsideratu behar hizkuntzaren aldaera estandarra bere aldaera absolutu bezala. Estandarraren aldaeran aldaera berriak ematen dira, estandarizazio prozesua beti dago martxan, jarraitzen. Ehun urte atzera egingo bagenu, segur aski, hitz egiten zen euskara egun hitz egiten denaz erabat ezberdina izango zen. Zenbat aldatu den esatea oso zaila da, baina behin prozesua martxan, ezin duzu hura kontrolatu, norabide bat eman diezaiokezu, baina beti izango dira hiztunak erabileran eragingo dutenak, birkodifikazioan eragin bat izango dute, edo lexikoaren elaborazioan, edo sintaxiarenean.

Estandarizatu gabeko hizkuntzak ez dira hizkuntza errealak; hori ere entzun izan da. Baina erabaki egin behar da: zer nahi dugu gure hizkuntzarako eta nola?

Badago ideia bat aspalditik datorrena. Ez baduzu hizkuntzaren bertsio jaso eta kultibatu bat, hori ez da hizkuntza bat, azpi mailako hizkuntza bat da, dialektoa, frantsesak mespretxuz deitzen duten «patois». Egiazki, estigmatizazioa dela uste dut, dialekto bat ez dela egiazko hizkuntza, hizkuntza erreala frantses purua dela… Baina ezin duzu esan aldaera bat berez dela beste aldaera bat baino hobea. Aldaera bat estandar egitea nolabaiteko erabaki politiko bat da, baina ez du esan nahi ikuspegi linguistiko edo sozial puru batetik hizkuntzaren beste aldaera bat baino hobea denik, baina hartu den erabaki bat da, eta erabakitzen duguna gara.

Baina komunitate batzuetan aldaera bat bestearen gainetik hautatzeak haserreak sortzea nahiko normala da. Hori gertatu da Sardinian. Iparraldekoek diote ea zergatik hartu behar duten hegoaldekoen aldaera, berezkoa eta bereizgarri beste bat dutenean. Eta ez badute erabakitzen estandar bat finkatzea, ondo dago, estandar barik ere funtzionatu daitekeelako. Baina arazoak izango dituzu, jakina. Hasteko, lan bera birritan egin beharko duzulako, estandar aldaera bakar bat baino gehiago dauzkazulako, edo ez duzu estandar aldaera hizkuntzaren erabilera prestigiodunenetan (teknologia, unibertsitatea… ) sartzen. Aukera bat da, aukeratu egin behar duzu.

Cardiffeko Unibertsitateko nire kide Colin Williamsek beti esaten duenez, «kontuz desiratzen duzun horrekin!». Zeren eta zerbait desiratzen baduzu, hura lortzeko bitartekoak izan behar dituzu: lanabesak, diru-iturriak, jendea, onarpena.

 

«Normalizazioaren eztabaida ez da linguisten kontua, hiztunena da hitza»

Hitz egin dezagun normalizazioaz. Eztabaida hori ez da agian linguistek soilik, ezta nagusiki ere, egin beharrekoa, ala? Badirudi askotan, normalizazioaren eztabaida hori planteatzerakoan, denok barnean daramagun linguista txiki horrek eskatzen duela beti hitza.

(Barrez) Jakina ez dela linguisten kontua. Hiztunena da hitza. Ez naiz euskararen espezialista, baina halako egoera batean dagoela sentitzen dut. Gauzak irakurtzen ditudanean, euskaldunen komunitatearentzat une oso garrantzitsua, berebizikoa, dela iruditzen zait. Estandarizazioaren lehen uneetan jakina behar dituzula linguistak, aldaera estandarra sortzen laguntzen dute, baina erabilia izan behar da hau. Beraz, jendeari ematen diote, «tori hartzazue!», eta niri logikoa baino gehiago iruditzen zait hortik aurrera hiztunak kontsultatzea, haiena jasotzea, baita mandatu forman ere, euskaraz hitz egiten duten esatariak, kazetariak, aktoreak, itzultzaileak, telefonistak... eztabaida horretarako ahalduntzea.

Jende guztiak dauka hizkuntzaren inguruan iritzi bat eta ezin da populazio guzti horren iritzia kontuan hartu; bizitza asko zailduko luke, baina, eragile horien guztien informazioa jaso behar da eta normalizazioaren ardatz egin.

Bukatzeko, hizkuntza minorizatuen etorkizuna zein da?

Ez naiz futurologoa. Oso zaila da hizkuntzen inguruan aurreikuspenak egitea. Gainbehera uneak dituzte, birsortze eztandekin batera. Hala ere, uste dut ongi finkatutako komunitateen kasuan, euskaldunen kasuan edo katalanen kasuan, nahiz eta hauek hizkuntza minorizatua dutela ez duten onartzen, galestarrak, mendebaldeko Tirolgo alemanak, akademiak, instituzioak eta kontzientzia nazional sendo baten defentsa dutenak, botere politiko mailak, dirua… agian ez direla asko haziko, baina ez direla desagertuko. Beste batzuek, ordea, ipar eta hegoko frisieraren kasuan bezala, etorkizuna ez dute garbi ikusten. Beren hizkuntzaren geroa oso problematikoa da, transmisioa etenda dago, haur eskolan soilik 50 minutu ematen dituzte… horiek larri-larri ibiliko dira.M.Z.