Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Eraso! taldeak lurralde propioa sortu du zazpigarren diskoan

Sei kantutan zehar orain arteko estiloak landu dituzte, baina beste batzuei atea itxi gabe. Sekula ez dira genero bakar batera mugatu eta oraingoan ere ez. Kanta bortitzetatik pasatuta, erritmo lasaiagoak ere proposatzen ditu «Inoren lurretan» diskoak.

Eraso! talde zarauztarrak zazpigarren diskoa dakar besazpian, “Inoren lurretan”. Izenburuak taldearen estiloari erreferentzia egiten dio, erritmo gogorretan murgiltzen delako beti baina bakar batera lotu ezin delako.

Aritz Mutiozabal kazetariak idatzi du diskoaren aurkezpen testua eta bertan aipatzen du «26 minutuko errusiar mendia» dela. Sergio Ruiz abeslaria ados dago horrekin, diskoa osatzen duten sei kantetan denetarik aurki dezakegulako: kantu bortitzak, kantu leunak, oso melodikoak…

«Gure ibilbidea ezagutzen dutenek badakite Eraso!-ren disko guztiak desberdinak direla. Beti ildo beretik joaten saiatzen gara, taldearen esentziari eusteko, baina disko bakoitzak dauka berezitasunen bat. Honetan aurkitu dugu inoiz aurkitu ez dugun unea. Soinu aldetik, konposizio aldetik, orain arte izan ez garen une batera heldu gara», azaldu zuen.

Kantu guztien artean desberdinena “Hodei beltzak” da, Kokein taldeko Zaloa Urainen kolaborazioa duena. «Kantu punkagoak, rockeroagoak, metaleroagoak egiten ditugu, eta hau hortik urruntzen da. Lasaiagoa da. Eraso!-k betidanik izan du ikuspegi irekia. Badaude taldeak esparru batetik ateratzen ez direnak, baina gurea nahiko zabala da. Hori egiteko aukera izan dugu eta ez gara damutzen. 90eko hamarkadan ikasi genituen musika estiloek ere hortik jotzen zuten. Oso hamarkada irekia izan zen eta talde batean izan zitekeen musikarik gogorrena eta leunena. Hori gure musikan islatu da hasieratik», adierazi zuen.

Zaloa Urain duela 20 urte inguru ezagutu zuten eta Kokein-ekin batera hainbat kontzertu eman ostean jada lagunak dira. Urainen ahotsa gustatzen zaie Eraso!-ko kideei, eta “Hodei beltzak” egiten ari zirela berarentzat aproposa izan zitekeela iruditu zitzaien. «Uste dut oso erakargarria dela bere ahotserako, eta probatu zuenean gustatu egin zitzaion hasieratik. Magia sortu zen», aipatu zuen abeslariak.

Dikotomia

Ruizek kontatu zuenez, diskoaren izena, “Inoren lurraldetan”, hitz joko bat da, taldea inoiz ez dutelako genero zehatz batean kokatu. «Beti egon gara inoren lurretan, edo gure lur propioetan. Inoiz egin ez dugun kanta bat egin nahi genuen», esan zuen. Hala, diskoari izena ematen dion abestia sortu zuten.

Albumeko azken proposamena «nahiko progresiboa da eta amaiera luzea dauka», eta letra interesgarria ere badauka. Taldekideek «oso gustuko» duten kantua da. «Musikalki oso luzea da, baina barrenean sartzen zarenean 8 minutuak 3 minutu egiten zaizkizu. Oso gustura grabatu genuen. Gure pasioari buruz eta egiten dugunari buruz hitz egiten du», esan zuen Ruizek.

Dikotomiaren gaiari tiraka sortu dute azala ere. Buztinez egindako maskara bat ageri da, erditik puskatuta; alde batean aurpegi bat dago eta bestean garezur bat. Taldeko gitarra-jotzaile Nestor Urdanpilleta arduratzen da diseinu grafikoaz, eta kasu honetan ere hala izan da. «Berak moldatu zuen eskuz egindako erretratu hori eta bi alderdi horiekin jokatu nahi zuen: hemen gaude baina ez gaude; batzuentzat gara baina beste batzuentzat ez gara. Eta bestalde, lurraldearekin ere lotu dezakegu, ez gaudelako inoren lurretan baina gure lurretan gaude», azaldu zuen taldeko ahotsak.

Gauza berberari buruz bi ikuspegi egon daitezkeela islatzea zen asmoa. Diskoaren esentzia hori da eta izenburua jarri ziotenean, horren inguruan zer egin zezaketen pentsatzen hasi ziren. «Portadarako ideia oso potentea iruditu zitzaidan. Nestorren artea oso ikusgarria da. Talde askorentzat egin ohi ditu portadak, horretan iaioa da», onartu zuen.