2018/10/12

Durangoko jaiak, gazte, haur eta sukalki artean

Jaiak hasi baino ez dira egin Durangon, eta hurrengo orduetan parte hartzea indartuko da gune ezberdinetan bildutako proposamen ugari eta askotarikoekin. Arlo gastronomikoan, sukalki eguna da gaurkoa, txikienak egitarauko protagonista nagusiak ere badira, eta txosnetan gazte eguna ospatuko dute, eta horiek gutxi batzuk dira soilik.

GARA|durango
1012_eh_durango1

Patxikotxuri harrera egin eta Miguel Zugazak piztutako txupinazoa jaurti ondoren, durangarrak jaietan blai daude atzotik. Hasierako ordu bizi horien ondoren, gaur izango dute 24 orduko lehenengo jai eguna, eta egitarauak 7.00etarako agintzen du martxan jarri edo segitzeko ordua, txistulariekin hasteko eta dultzaineroekin jarraitzeko. Ez dira askoz beranduago ibiliko sukalki txapelketan lehiatuko diren sukaldariak; hitzordua 8.00etan dute Landako Gunean, lapikoak prestatzen hasteko.

Esku pilota partidak ere goizean izango dira, eta goiz erdirako utzi da haur parkearen irekiera Ezkurdin. Izan ere, herriko txikien eguna da gaurkoa. Egitarauak ohartarazten duenez, euria bada bertan behera geratuko da haurrentzako ekitaldi hau, baina ez wipe out-a, ohe elastikoak eta jolasak. Azken hauek goizez eta arratsaldez izango dira erabiltzeko prest. Eguraldiak laguntzen badu, Musika Eskolako Aurora Abasolo parkean egingo dira, eta San Antonio ikastetxean, euria bada. Patxikotxuarekin egingo den ohiko kalejiraz gain, oihaneko animalia erraldoien kalejira ere izango da, udaletxean Tabira igeriketa taldearekin jaurtiko den Txupinazo Txikiaren aurretik.

Txosna batzordeak beste zenbait proposamen dakartza gaurko jai egunerako. Artisautza azoka da horietako bat. Txosnetan zabalduko da, 12.00etan. Ordu horretan bertan oilasko errea eskainiko du pintxoetan txosnagunean, edo Andra Marin, euria eginez gero. Gazte Eguna ere ospatuko da gaur txosnek antolatuta, eta honen barruan herri bazkaria eta olinpiadak prestatu dituzte.

San Fausto auzoak, bestalde, hainbat ekitaldi hartuko ditu egunean zehar. Tortilla lehiaketa izango da horietako bat, arratsalde hasieran, eta triki poteoa iluntzean. Gaua girotzeko, doskodantza dute bertan.

Eguneko jai proposamenen artean, kultur aniztasunaren kalejira dakar egitarauak, hip-hop tailerrak, borroka-arteetako erakustaldia alde zaharrean zehar edota Begi Argiak abesbatzaren kalejira, besteak beste.

Asteburuan sartuta, paella txapelketa, astronomia tailerra eta bestelako hainbat ekitaldiz josita dator egitaraua biharko egunari begira, txalaparta, ohorezko aurreskua eta artopilen banaketaren ondoan. Txosnetan bakarrizketa izango dute, Senegaleko perkusioa eta garagardo dastaketa, eta gaueko planari dagokionez, Zirkinik Bez, Nebrashka eta Drumkopters; eta Reincidentes, Ezkurdin.

KONTZERTUAK


Gaueko musika proposamenei dagokienez, txosnetan Pinpilinpussies, Bad Sound System eta Dj Zenn (Zak! Parties) eta Ezkurdin; DJ gaua izango da Durangaldeko DJ Danny Meip eta DJ Gorka Perezekin, eta Dream3team (Hard Rock Ibiza) eta Taao Kross (Pacha Ibiza).

 

ASTRONOMIA


Larunbateko egitarauak astronomiarekin zerikusia duten bi proposamen dakartza. Goizean tailer bat eskainiko du Izarra elkarteak, eta behaketa gauean, Zuhatzola parkean, 21.00etatik aurrera.