2018/10/12

Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria
MTV

Adinak edo senak erakusten du; zerbait ez gustatzeak ez du esan nahi kaltegarria edo txarra denik. Zenbatetan ez ote ditugun bi mundu horiek, gustuak eta juzguak hain zuzen ere, nahasten. Orain badakit badirela munduan gustatzen ez zaizkidan arren, besteentzat bederen oso onak diren gauzak. Horregatik ez naiz ausartuko esatera MTV txarra denik. Ez nuke hankarik sartu nahi, eta autonomia erkidegoko eragile nagusietako batzuek, boteretsuenek, ona dela badiote... Izango dute arrazoiren bat, besteak beste, hainbeste diru “publiko” gastatzeko.

Arrazoi ekonomikoak, ideologikoak, turistikoak... baina musikalak? Bueno bai, musika industria globalizatu eta uniformatu gisara ulertzen baduzu, adibidez, edo jendartearen alderik kontsumistenak pizteko tresna gisara erabiltzen baduzu. Normalizazio kulturala denek musika bera entzutea dela uste baduzu ere ados egongo zaitezke. Are gehiago, dibertimendua eta itxurakeria gauza bera direla pentsatzen baduzu, noski, oso interesgarriak irudituko zaizkizu MTV sariak. Ulergarria da.

Utzidazue, ordea, hiru galdera egiten, haren ontasuna zalantzan jarri gabe, noski. Lehenik eta behin, zergatik antolatu hainbeste jaialdi paralelo, dohainik eta hainbat herritan? Sariak bana ditzatela eta ospa, zer koartada mota eman nahi zaio, gure bizkarretik imajinatzen dut, MTV bezalako inperio komunikatibo bati? Bigarrenik, norbaitek ikusiko al du inoiz euskal kanturen baten bideoren bat MTVn? Hirugarrena, garrantzitsuena, dantzatuko al dute aurreskua sari-banaketan? Eta azkena, zenbat igoko dituzte hotelek gelen prezioak?