GARA
BILBO

Antolaketa eta borroka, Gazte Biraren gakoak

Ernaik antolatutako Gazte Birak bigarren eguna bete zuen atzo. Goizean, Bilbon, mahai-ingurua egin zuten Zubiarte merkataritza gunearen aurrean. Hasteko, gazteek prekaritatearekin lotuta izan dituzten bizipenak kontatu zituzten. Hala azaldu zuen batek: «Egunean 12 orduz kontratatu nahi ninduten 700 euroren truke, eta 300 itzuli behar nizkion nagusiari!».

Tabernariak, Euskal Herrira bizi proiektu duin bat eraikitzera etorriak, praktikak egiten ari direnak, zaintzaileak... Hamaika aurpegi ditu prekaritateak, eta, nabarmendu zutenez, erantzun bakarra: «Antolaketa eta borroka». Hain zuzen, horretan dabiltzanek hartu zuten hitza, LABek, Eragin Bilbok, Ikerlarien Asanbladak eta Ernaik berak. Elkar ezagutu eta aliantzak ehuntzeko aukera bikaina izan zuten.

Jarraian, martxa bat egin zuten Confebasken egoitzara. «Gure bizitzak zaborretara kondenatzen dituzue. Guk, zuen zaborra bueltan itzultzen dizuegu», agertu zuten zabor poltsak atean uztearekin batera. Arratsaldean, Donostiarako bidea hartu, eta gazteen emantzipaziorako alternatibez mintzatu ziren bertan beste solasaldi batean.