Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Ritsos eta Pizarnik dakartza Munduko Poesia Kaierak bildumak

Euren herrialdeetan, Grezian eta Argentinan, eragin handieneko XX. mendeko poeten artean daude Munduko Poesia Kaierak bildumako azken bi liburuen protagonistak diren Yannis Ritsos eta Alejandra Pizarnik. Joannes Jauregik eta Asier Sarasolak euskaratu dituzte, hurrenez hurren, euren poemak. Horretarako euren lan oparoa laburtzen saiatu dira, biak izan baitziren idazle emankorrak. Ritsosek ideia politiko markatuak zituen, Pizarnik egunerokotasunaz aritzen zen.

Aurrerantzean Susa argitaletxeak emango dituen Munduko Poesia Kaierak saileko liburuak binaka aurkeztuko dituztela iragarri zuten atzoko aurkezpenean. Era berean, lehen bikotea ekarri zuten: Yannis Ritsos eta Alejandra Pizarnik. Greziarra lehena, argentinarra bigarrena.

Saileko zuzendaria den Beñat Sarasolak azaldu zuenez, bi lanok «ondo islatzen dute bildumaren izpiritua», enkargua jaso aurretik gustuko poeta bana itzultzen hasiak zirelako dagoeneko bi egileak. Ritsosen lan oparoaren bilduma, 27. Munduko Poesia Kaiera, Joannes Jauregik laburtu eta euskaratu du. Jauregik greziarretik itzuli ditu poesiak zuzenean, beste hizkuntzetako itzulpenen laguntzarekin. Itzultzaileak azaldu zuenez, Ritsos konpromiso politiko handiko gizona izan zen, eta hori bere lanetan argi eta garbi islatzen da.

Aberatsa izandako familia batean jaio zen Ritsos, eta giro jantzian hezi zen, gainbehera ekonomikoa etorri zitzaien arte. 16 urterekin umezurtz gelditu eta Atenasera joan zen lanera. Sorkuntza artistikoarekin lotutako lan desberdinetan aritu zen, Alderdi Komunistarekin bat egin zuen arte. Orduan iritsi ziren gerrak eta diktadura, eta kartzelan zein kontzentrazio esparruetan egon zen preso, tarteka, 65 urte bete zituen arte.

Ritsosen lana kronologikoki baino, poema luze eta laburren artean banatuta dagoela uste du itzultzaileak. «Poema luzeak dira mamitsuenak, baina badirudi horiek sortzen ari zela sortzen zitzaizkion beste ideiak apuntatu egiten zituela», azaldu zuen Jauregik. Bere esanetan, batzuetan badirudi poema luzeak aise idatzi zituela eta laburrek, ordea, askoz lan gehiago eman ziotela. Aurkezpenean kopla batzuk aukeratu zituen Jauregik jendaurrean errezitatzeko.

Ritsos, Odysseas Elytis eta Yorgos Seferis hartzen dira XX. mendeko Greziako poetarik bikainenentzat. Kaieretara ekarri dutena izan zen Literaturako Nobel saria eskuratu ez zuen bakarra, atarian gelditu zen arren.

«Poeta gaitzetsia»

Alejandra Pizarnikek ez zuen espetxean amaitu, baina bai psikiatrikoan. Bizi zen garaiarekin bat ez zetorren eta horrek 36 urterekin bere buruaz beste egitera eraman zuen. Asier Sarasola itzultzaileak azaldu zuenez, sortzaile amorratua izan zen bere bizitza laburrean, 19 urterekin lehen liburua eman zuenetik.

Hainbat liburu argitaratu zituen, aldizkarietarako ere idatzi zituen poemak eta, bere suizidioaren ostean, orri pila bat topatu zituzten bere etxean poemez josita. Horiek eguneroko bat osatzen dute, baina poesia formatuan. Zuzenketa eta berridazketa prozesu obsesiboen ondorioz, gelditu diren testuak ondo aukeratutako hitzez daude osatuta, ez dago bat bera ere soberan, eta, horregatik, mantso eta adi irakurtzeko poemak dira.

Pizarnik hainbat gairen inguruan aritzen zen beti, eta horiek dira hain zuzen 28. Munduko Poesia Kaiera gidatzen dutenak: haizea, gaua, ametsa, haurtzaroa eta heriotza. Sarasolaren arabera, poema gero eta soilagoak idatzi zituen, «ia prosa poetiko bihurtuz amaieran».

Pizarniken inguruan, berriz, «poeta gaitzetsia» izan zela azaldu zuen Sarasolak. «Txistea eginez, ‘sexua, drogak eta rock and rolla’ », bota zuen Sarasolak. Adikzio ugari izan zituen bere bizitzan zehar, eta harreman finkorik ez baina bai bi sexuetako maitale ugari. «Argentinan, 1955. urtean, oso fededuna zen giroan, bazuen txalotuko zuenik, baina baita zapalduko zuenik ere», adierazi zuen.

Itzultzaileak bi poema aukeratu zituen irakurtzeko, guztiz kontrajarriak, Argentinara heldutako familia judu batean jaiotako idazlearen pentsamenduen aldakortasunaren seinale.