Haritz LARRAÑAGA
BAIONA
Elkarrizketa
XIMUN BERGOUIGNAN
IROULEGUY SOR-MARKAREN KONTSEILUKO KIDEA

«Euriteen ondorioz ohikoa baino %30 gutxiago ekoiztu dugu»

Irouleguy sor-markaren Administrazio Kontseiluko kidea da Ximun Bergouignan eta Baigorriko Irouleguy Sotoan egiten du lan. Datorren denboraldiko ardoa egiteko mahats bilketa prozesuan dira egunotan eta aurtengo uztaren inguruko zenbait datu eman dizkigu Nafarroa Behereko ardogileak.

Orotara 250 hektarea mahats daude Irulegin eta horietatik 145 hektarea Irouleguy Sotoa kooperatibak lantzen ditu. Guztira 73 etxaldek (100 lagun inguru) ekoizten dute ardoa, eta horietatik 43, Irouleguy sor-markaren barnean dira. Guztiek oinarrizko osagai bat behar dute eta berau urrea balitz bezala zaintzen dute, alegia, mahatsa.

Zer moduzkoa izan da aurtengo uzta?

Oraindik ez dugu mahats guztia bildu, baina jada baditugu datu batzuk. Lehen dastatzea irailaren 27an egin genuen, partzelen herena ordezkatzen duena, eta azken egunetan bildu dugu mahats hori. Bigarren dastatzea, berriz, pasa den astean egin genuen eta datozen egunetan egingo dugu mahats bilketa.

Aurten mahats bilketa atzeratu dugu mahatsa ez zelako behar bezain heldua; kalitate hobea izateko, erabaki dugu apur gehiago itxarotea. Guk Sotoan, aurreko urteetan baino %30 gutxiago bilduko dugula zenbatetsi dugu. Usaian, 700 tona biltzen ditugu, aurtengo sasoian, ordea, 450 edo 500 tona bilduko ditugu.

Orduan, ohikoa baino mahats gutxiago espero duzue?

Aurten euri anitz egin du eta eritasunekin zati bat galdu dugu. Zorionez, azken hilabete honetan aro ederrarekin biziki fite ondu da mahatsa eta franko polita atera da, baina gutxi.

Azken eguzki hori biziki inportantea da, zeren taninoak eta fenoliko guztiak orain ontzen dira. Lehenik azukrea egiten da eta gero tanino eta koloreak garatzen dira larruetan. Horregatik, azken egunetako egun bero eta eguzkitsuak bikainak dira mahatsaren azalarentzako. Hoberena da fresko egitea goizean, eta 23 edo 25 gradu arratsaldean.

Euriteen eraginez gaixotu dira landareak?

Hezetasunak Mildiu onddoak indartzen ditu eta kalte handiak eragin ditzakete. Bere optimoa da 25 gradu eta hezetasuna izatea, horrela onddoa sortzen da eta golkoak edo hostoak erretzen ditu. Aurten indartsu eragin du hostoaren nerbioetan, eta beranduago baita hostoetan ere.

Nola egiten diozu aurre gaixotasunei?

Eritasunari aurre egiteko ez dugu denok modu berdina erabiltzen. Nire ekoizpena ekologikoa da, beraz, nik dena kobre eta sufrearekin egiten dut. Aurten lau kilo baino apur bat gutxiago erabili dugu hektareako. Euria egin aitzin pasatzen saiatzen gara, zeren kontaktu produktu bat da, hau da, euria egiten badu kontaktua eteten da eta bere efektua galtzen du, beraz, dosi txikiak banatzen ditugu baina anitzetan.

Salmentek gora egin dute?

Gu erreserbarik gabe ari gara lanean, egiten dugun guztia saltzen dugu, ondorioz, aurten gutxiago egin dugunez, gutxiago salduko dugu. Ez dugu anitz ekoizten, adibidez, txakolin egileek 70 hektolitro hektareako ekoizten dituzte, eta, guk, berriz, 30 hektolitro. Hortaz, hektarea kopurua txikia da, mendiko lana da, eta, gainera, gutxi ekoizten dugu hektarea bakoitzeko. Beraz, ez dugu emendatzerik, ez dugu salmenta ugaritzea bilatzen, izan ere, ez dugu eskari guztiari erantzutea lortzen.

Gero eta ardo ekologiko gehiago egiten al da?

Bai, gero eta gehiago. Orain arte kooperatiban %14 zen ardo ekologikoa, eta, 2020rako, %40 izatea espero da. Hegoaldetik ere etortzen dira, batez ere txakolin egileak, tratamendu ekologikoa nola egiten dugun ikustera. Interesatuak dira eta galdera anitz egiten dizkigute.

Zer-nolako garapena izan du Irouleguy sor-markak?

Ezagutza mailan garapen handia izan du sor-markak eta egun aintzat hartzen da Irouleguy arnoa. 70ean lortu zen sor-marka eta hastapenean irudi txarra zuen, baina geroztik kalitatea hobetzen joan gara eta egun jendea ideiaz aldatzen ari da edo jada aldatu du. Orain irudia aski polita da eta izen ona dugu.

Zeintzuk dira Irouleguy ardoaren bereizgarri nagusiak?

Gure ardoak azidotasun handia du. Gehienbat ardo zuri eta beltza daukagu. Ardo beltzarentzat “Tannat” taninoa erabiltzen dugu, eta, ondorioz, estruktura trinkoa duen ardoa da. Ardo beltz potentea daukagu. Ardo zuriak, berriz, azidotasuna du, baina ahoan aski gozoa da. Ezaugarri nagusiak, beraz, azidotasuna eta karakterra dira.