GARA
DONOSTIA

Nafarroako hiru IAT zentrotako langileek lanuztea egingo dute gaur

TUV Rheinland enpresak kudeatutako Nafarroa iparraldeko hiru IAT zentroetan grebara deitu du ELA sindikatuak, lan baldintza hobeak eta behargin gehiago eskatzeko.

ELA sindikatuak, TUV Rheinland enpresako ordezkari bakarrak, lanuzte eguna deitu du gaurko Nafarroan kudeatzen dituen ibilgailuen IAT azterketako hiru zentroetan.

Mercairuña, Arbizu eta Doneztebeko zentroek 50 langile dituzte eta Nafarroa iparraldeko ibilgailuen derrigorrezko IAT proba egiteko ardura dute, Nafarroako Gobernuaren kontzesioz –zeregin hau hamar urterako luzatu dute berriki–.

Alberto Paz ordezkariak atzo prentsaren aurrean azaldu zuenez, grebarako deialdiaren arrazoi nagusiak «langile falta» eta «egungo pertsonalaren zein kontratatzen diren berrien lan baldintza txarrak» dira.

Gogorarazi zuen «langile faltagatik» ekainean enpresa ohartarazi bazuten ere, honek ez diola egoerari konponbiderik eman. Pertsonal urriaren erakusgarri dira, Pazen hitzetan, uda honetan IAT proba gainditzeko izan diren ibilgailuen ilara luzeak.

Iruñeko zentroa Urnietakoarekin konparatu zuen Pazek agerraldian, esanez lan karga berarekin 16 ikuskatzailek egiten dutela lan lehenengoan, eta zazpik gehiagok, 23k, Gipuzkoakoan.

Horrek guztiak, erabiltzaileengan ez ezik, langileengan ere eragina duela salatu zuen, «estres egoerak» pairatzen dituztelako.

Kontratazio berriei dagokienez, ordezkariak esan zuen «1.800 ordu lan egiteagatik 927 euroko soldata gordineko aldi bateko kontratuak» eskaintzen dituela enpresak, eta baldintzok eskaintza ugari atzera botatzea eragiten dutela. Bestalde, enpresak urtero «irabazi garrantzitsuak» dituela azaldu zuen.

Gobernuari eskaerak

Halaber, Nafarroako Gobernuari «esku hartzeko» eskaera egin zion, TUV Rheinland enpresarena kontzesio publikoa delako eta erabiltzaile askori eragiten diolako, eta baietsi zuen egoera hau konponduko litzatekeela Iruñeko zentroan gutxienez lau ikuskatzaile gehiago kontratatuko balira.

Horrez gain, Pazek ohartarazi zuen lanuzterako deialdia egun bakarrekoa bada ere, ez dutela baztertzen «mobilizazioekin jarraitzea», konponbiderik ez dagoen bitartean.