Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Onartzen diren egoera arrunten inguruko gogoeta, dantza bidez

Hondartzan edozein egunetan emakumeen titiak ikustea onartzen badugu, zergatik izan zuen halako oihartzuna Super Bowlean Janet Jacksonek bularra erakusteak? Gizartean dauden kontraesanak aztertzen ditu «Janeten titia» Ertza konpainiaren ikuskizunak. Normaltzat hartzen ditugun egoerei eta normalak izan beharko liratekeenei buruz aritzen dira.

Normalizazioaren mugen inguruko lan bat dakar Ertza dantza konpainiak. Larunbatean estreinatuko dute “Janeten titia” Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Lan hau garatzeko dantzariei bi zerrenda egiteko eskatu zien Asier Zabaleta zuzendariak. Alde batetik, adierazi behar zituzten gizartearentzat normalak diren gauzak baina beraientzat ez direnak, eta, bestetik, gizartearentzat normalak ez diren gauzak baina beraien ustez izan beharko liratekeenak.

Ariketa hori ardatz hartuta, hainbat gai jarri dituzte mahai gainean ikuskizunean: itxurakeria, matxismoa, generoa, indarkeria, erlijioa, teknologiarekiko mendekotasuna, zentsura... Hori bai, gaiok hitzik esan gabe eraman dituzte oholtzara, dantzarien gorputzak soilik erabiliz.

Obraren izenburua pentsatzen ari zirela, beti etortzen zitzaien burura “normal” hitza, eta ez zitzaien gehiegi gustatzen. Dantzarietako bik ToteKing rap abeslariaren hitzak aipatu zituzten arte: «a veces las cosas normales hacen ruido, como la teta de Janet». Orduan okurritu zitzaien lanari “Janeten titia” jartzea. 2004ko Super Bowlean, Justin Timberlake abeslariak Janet Jacksoni titi bat bistan utzi zion unea ekarri dute gogora, orduan gertatutakoak ikuskizunarekin esan nahi dutena ederto islatzen du-eta. «Zurriolako hondartzara zoaz eta ehunka titi ikusten dira eta ez da ezer gertatzen. Zer gertatu behar da zerbait onartua izateko?», galdetu zuen Zabaletak.

Halako «krisialdi» bat izan zuen Maria Andres dantzariak entseatzen hasi zirenean. Zentsura islatzeko bera biluztu egiten da, baina ikuskizunak berak zentsuratu egiten du. «Espazio naturaletan biluztea gustatzen zait. Ez naiz eroso sentitzen itsasoan bainu bat hartzeko jantzi egin behar banaiz. Nudismoa modu naturalean bizi dudanez, uste nuen eszena hori erraz egingo nuela, baina uste baino gehiago kostatu zitzaidan», azaldu zuen.

Azaldu zuenez, agertokian pertsonaia bat da, eta nahiz eta berarentzat biluztea ez den berez zaila, testuinguru horretan muga bat jarri zitzaion buruan. «Zentsuratu egiten ninduten, eta egiten ari nintzen hori txarra zela sentitzen nuen», aipatu zuen. Zabaletak gehitu zuenez, horrek erakusten du nahiz eta guk kontzienteki pentsatu zerbaitek eragiten ez digula, guztiak gaudela gizarteak dionaren menpe. Eszena konkretu horri buruz azaldu zuenez, dantzaria errebeldia keinu moduan biluzten da, eta, berehala, inguruan dituen hiru gizonek liburu batekin estaltzen dute aurpegia, emakumea zentsuratu nahian; hori bai, liburuaren gainetik begira jarraitzen dute, gizartean maiz gertatu ohi den bezala.

Musika zuzenean

Ikuskizuna aurtengo dFeria jaialdian aurkeztekoa zen, baina otsailean bi dantzari lesionatu egin ziren eta estreinaldia bertan bera utzi behar izan zuten azkenean. Horri esker distantzia hartu eta egindako lana berraztertu eta hobetzeko aukera izan dute.

Lanari aire fresko eta «kabareteroa» eman nahi zioten, eta hori eszenografiari esker lotu dute. Era berean, bitboxa egiten duen Jhana Beat musikaria zuzenean aritzen da ikuskizunean; ahotsarekin egiten dituen soinuak grabatu eta behin eta berriz jartzen ditu, ondoren gitarra gehituz eta «disko bat dirudien» musika sortuz. Horrek ere ikuskizunaren tonu serioa leuntzen laguntzen du.