Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Egia-ostea eta Carlota

Egia-ostearen garaiotan egunkari batean txoko bat edukitzea, pribilegioa izateaz gain, ardura gisa hartu beharko genuke komunikazioan gabiltzanok. Kazetaritzak ez baitigu soilik errealitatea kontatzen laguntzen, eraikitzen baizik, eta zelako narrazioak halako egitateak sortuko ditugu. “Kaberna mediatiko” bezala ezagutzen dugun horretaz gain, botere politiko eta ekonomiko zehatzei men egiten dieten komunikazio talde ustez aurrerakoiak ari dira errealitatetzat jotzen dugunaren orubeak jartzen eta konturatu orduko beranduegi izango da eta ezin izango dira entzun zutabe horien azpian lurperatuta bukatu dutenen oihu lazgarriak.

Hedatzen ari diren diskurtso ganoragabeak funtsik gabekoak bezain arriskutsuak dira eta ondo legoke historiari so egitea, akatsak ez errepikatzeko eta kontatu ez digutena ezagutzeak etorkizunerako zer nahi ote dugun erabakitzen lagunduko digulako. Astebete barru zinemetan estreinatuko da Kanaki euskal ekoiztetxearen “Another day of life”. Film hori ikustea izan daiteke horretarako ariketa ezin hobea. Zinemaldian publikoaren saria irabazi duen lanean, Ryszard Kapuscinski kazetari poloniarrak komunikazioaren ofizioaren erantzukizunaz hausnartzen lagunduko digun bezala, Carlota ezagutuko dugu eta Angolar gerrillari honek ulertaraziko digu zeintzuk diren historiak ezinbestekoak dituen emakumeak.