GARA
GASTEIZ

Alarde mistoei harrera egiteko eskatu diote Urkulluri Legebiltzarrean

Irailaren 8an Hondarribiko Jaizkibel konpainiak alardean jasan zituen erasoak salatu zituzten atzo EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Gasteizko Parlamentuan, eta Irungo eta Hondarribiko alarde mistoei harrera egiteko eskatu zioten Urkullu lehendakariari.

«Hobe du lehendakariak alarde berdinzalera azaldu, eta argi utzi zein den bere konpromisoa berdintasunarekin eta emakumeek jaietan parte hartzeko duten eskubidearekin», esan zuen Elkarrekin Podemoseko Eukene Aranak.

EH Bilduko Oihana Etxebarrietak Legebiltzarrean lehen aldiz hitza hartu zuenean sentitutako urduritasuna alardean desfilatzen duen neskaren sentimenduekin konparatu zuen: «Hemen lehen aldiz hitz egin nuenean, batzuek irribarrez begiratzen ninduzuen, beste batzuek indiferentziaz. Imajinatzen duzue Legebiltzar honetan hitz egin nuen lehen aldian hemen zaudeten batzuek plastiko beltz handi batzuk hartuta altxatuko bazinete?».

Juana Bengoechea PPko legebiltzarkideak, bestalde, alarde tradizionalen defentsa egin zuen, esanez ez direla alarde «diskriminatzaileak» eta «etengabeko erasoa» pairatzen dutela.

PSEko Natalia Rojok irailaren 8ko gertakariak arbuiatu zituen, eta esan zuen Irun eta Hondarribiko arazoa ez dela konpontzen «lehendakariaren agerraldiarekin».

Hori bera argudiatu zuen EAJko Irune Berasaluzek: «Ez dut uste garai honetan, gauzak dauden bezala, lehendakaria han egoteak ezer berririk ekarriko digunik. Benetan esaten dizut, uste dut ez duela ezer aportatuko». Horrez gain, Legebiltzarreko taldeak «adostasunetik hurbil» daudela gaineratu zuen.