Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Donostiako opera denboraldia arriskuan dagoela ikusita, laguntza eskatu dute

Bost urte daramatza Opus Lirica konpainiak Donostiako opera denboraldia antolatzen, baina ez da bide erraza izan. Gipuzkoako Aldundiak emandako diru laguntza ez da nahikoa, Donostiako Udalak antzokia uzten dien arren, gastu guztiak euren gain hartzen baitituzte. Erakunde publiko moduan lan egiten dutenez, sarrerak merkeak dira, eta jende ugarirengana iristen badira ere, ez da nahikoa. Donostian opera sustatzeko eskatzen diote orain Lakuari.

Bost urte pasatu dira Donostian opera saioak hasi zituztenetik. Tarte horretan lortu dute genero hau Donostia Kulturaren programazioan sartzea, eta emanaldiak Victoria Eugenia antzokira zein Kursaalera eraman dituzte. Denboraldiak funtzionatzen badu ere, proiektua denboran mantentzeko dirurik ez dagoela salatu du Opus Lirica konpainiak, hirian opera saioak antolatzen dituenak.

Bertako zuzendari artistiko Ainhoa Garmendiak azaldu du egoera: «Foru Aldundiak 25.000 euro ematen dizkigu urtean. Donostiako udaletxeak ez digu diru laguntzarik ematen; antzokiaren alokairurik ez digu kobratzen, baina ditugun gastu guztiak guk ordaindu behar ditugu. Sarreren gaineko mendekotasuna dugu, gastuen %90 horrekin ordaintzen dugulako. Arriskua izugarria da. Azken urteetan zorrak egin ditugu».

Hori konpontzeko Lakuarekin harremanetan jarri da Garmendia, baina erantzun diote Bilbon badagoela opera eta, beraz, Donostiak ez duela opera denboraldirik behar. «Zer zerikusi dute bi denboraldiek? Guk uste dugu bateragarriak direla», aipatu du sopranoak.

Izan ere, bi denboraldiek ezaugarri desberdinak dituzte. «Donostiakoa publikoa da; Donostiako programazioaren barruan gaude, deskontuak egiten dizkiegu DKulturako bazkideei, gazte eta haurrentzako proiektuak egiten ditugu, baina bestalde pribatuak izango bagina bezala tratatzen gaituzte. Ezin dugu beraien azpiegitura ere erabili, adibidez, publizitatea egiteko. Publizitateak diru pila bat balio du. Azkenean ziklo bat da: oso jende gutxi gaude lanean, ezin dugu publizitaterik egin, jendea ez da enteratzen, ez dugu antzokia betetzen, ezin ditugu gastuak ordaindu…», azaldu du.

Alde batetik, Donostia Kulturak esaten die oso pozik dagoela Donostian opera dagoelako eta asko baloratzen dutela Opus Liricaren esfortzua, baina Garmendiaren ustetan, esfortzu hori «oso handia» da eta ezin dute gehiago mantendu. «Oso egoera larrian gaude momentu honetan», azpimarratu du.

«Irrika handia»

Arazoa ez da publiko falta, orain arte oso harrera ona izan dutelako. Bi operatan, “Carmen” eta “La Traviata”, 3.200 pertsonak aretoa bete zuten emanaldien asteburu bakoitzean. “La boheme”-en txandan ere ia bete egin zuten antzokia, aurreko egunean ekitaldi oso garrantzitsu bat izan zen hirian eta horrek eragin zuen azken sarrerak ez saldu izanean. «Irrika izugarria dago, baita gazteen artean ere. Horientzako egokitutako lanak eskaintzen ditugunean erantzuna oso ona da. Argi daukat publikoa badagoela, baina publiko zabalagora iritsi behar dugula ere bai, eta difusioarekin lagundu behar digute», aldarrikatu zuen Garmendiak.

Bere ustez, jende asko ezin da Gipuzkoatik Bilbora joan. «Hasteko sarrerak garestiak dira, eta bidaia gehitu behar zaio. Gainera, opera goizeko ordu bietan amaitzen bada eta jendeak hurrengo egunean lan egin behar badu… jende askok esan dit Bilbora joan nahi duela baina ezin duela. Horregatik jendea oso pozik dago Donostian opera izanda. Donostiak merezi du opera denboraldi bat. Europako Kultur Hiriburu izan da gainera! Ez dit balio esatea Bilbon badagoela».

Babesle pribatuak bilatzen jarraitzen dute, baina euren lehen apustua Lakuak laguntza txiki bat ematea da. «Badakite ez ditugula sekula milioiak eskatu», esan zuen.

Dirua lortzeko kontzertua, gaur Orfeoiarekin

Opus Liricak behar besteko diru laguntza ez duenez, Orfeoiari laguntza eskatzea otu zitzaien. Gaurko emanaldi horretan lortzen den diruak denboraldia babesteko balioko du. Zenbat eta sarrera gehiago saldu, laguntza handiagoa. «Asko eskertzen diogu Orfeoiari bere laguntza. Ohore bat da guretzat; ni neu bertan hasi nintzen eta niretzat oso kontzertu berezia izango da», adierazi du Ainhoa Garmendiak.

Programan opera munduko historiako koru ederrenak eskainiko dituzte: “Nabucco”, “Aida”, “La traviata”, “Madama Butterfly”, “Carmen” eta “El caserio”, beste batzuen artean.

Diru pixka bat gehiago lortzeko bidean, “0 ilara” bat jarri dute martxan, emanaldira joan ezin baina proiektua babestu nahi dutenek laguntza eman ahal izan dezaten. Horretaz gain, ADAO-DOZE (Donostiako opera zaleen elkartea) sortu dute, bazkideen kuotekin denboraldia babesten duena.

Bestalde, ikuskizunak aurrera jarraitu behar duenez, denboraldiko opera saioa aurkeztu berri dute. Mozarten “Txirula miresgarria” izango otsailaren 22-23 eta 24an Kusaalen. Azken saioan bertsio murriztua eskainiko dute eta familiei zuzendua izango da. Opera famatuaren bertsio futurista bat izango da honakoa, argi eta eszenografiarekin osatua.N.B.