Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Kazetariak

Hala dela ematen du. Tristea da. Hala dela ematen du zinez». Hitz horiekin aditzera eman zuen AEBak berriro ere “handi” bihurtzeko promesapean Etxe Zuria irabazi zuen Trump presidenteak asteon komunikabide guztietan bolo-bolo ibili den albistearen egiazkotasuna: Jamal Khashoggi kazetariaren tortura eta erailketa.

Berandu eta gertaeran Saudi Arabiako Gobernuak jokatu duen rola erabat aitortu gabe iritsi dira presidentearen adierazpenak. Jakina denez, errege familia saudiarabiarra AEBen aliatu indartsua da uneotan eta lotura horri euste aldera haren aginte gehiegikeriak aintzat ez hartzeko joera hartu du Etxe Zuriak. Khashoggiren hilketari “tristea” iritzi bitartean, hori bai, txalotu egin du Kongresurako hauteskundeen harira Montanan izandako mitin batean osasun-laguntzari buruzko galdera bat egiteagatik hautagai errepublikanoak “Guardian” egunkariko kazetari bat jipoitu izana.

Presidentetzara heldu zenetik prentsa askearen kontrako jarrera agertu du Trumpek eta kazetarien lana oztopatu zein kazetariak beraiek kikiltzeko estrategiak babestu ditu esplizituki. Khashoggiri gertaturikoaren xehetasunak ezagutarazi berri diren honetan, PEN Amerika elkarteak nahikoa dela erabaki du eta presidentearen kontrako salaketa publikoa jarri du.

Ikusteko dago zer eragin izango duen salaketak, eraginik badu. Une honetan “Fahreinheit 451” nobelan Ray Bardburyk azaldutakoak ez dirudi denboran hain urrun: komunikabideak diskurtso ofiziala helarazteko eta masa entretenimendu izateko soilik nahi dituzte Trumpen modukoek.