Asier AIESTARAN
PILOTA

Aimar Olaizolari asko zaildu zaizkio kaiolako finalerdiak

Ligaxkako bigarren partida galdu zuen Victorren aurka Iruñean eta gaur Ezkurdiak irabazten badu aukerarikgabe geratuko da. Ohi baino pilota gehiago galdu zituen, partida txukuna egin zuen Victorren aurka.

OLAIZOLA II.A 17

VICTOR 22

 

Aimar Olaizolari asko zaildu zaizkio Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdiak, Iruñeko Labrit pilotalekuan Victor Estebanen aurka 17-22 galdu ostean. Goizuetarra bere ohiko mailatik behera aritu zen errioxarraren kontra, Altunaren aurka utzi zituen sentsazio txarrak ahaztu ezinik, eta gaur Donostian Joseba Ezkurdiak irabazten badu, Aimar finalerdietatik kanpo geratuko da. Kontuan izan behar da 2010eko ekitaldiaz geroztik, zazpi urtez jarraian jokatu dituela nafarrak kaiolako finalerdiak.

«Sakearekin asmatu egin dut eta horrek konfiantza eman dit, airez ere seguru ibili naiz. Agian, Aimar ere ez da izan beste egun batzuetakoa, eta hori ikusita pilota gutxi galtzera joan naiz. Kontzentrazioa ez dut galdu, markagailua begiratu ere ez nuen egiten badaezpada, eta nirea egitera joan naiz. Azken jardunaldira aukerekin iritsi nahi nuen eta hori behintzat lortu dut», aipatu zuen Victorrek 229 pilotakada eta 53 minutuko partidaren amaieran.

Hori bai, partida hasiera parekatua izan zen, eta bi pilotariei kosta egin zitzaien lehian sartzea. Lehen tantoa, esaterako, Victorren alde erori zen, Aimarrek luzeegi bidalitako pilota bati esker. Baina Goizuetakoa 4-2 aurreratzeko gai izan zen gero, gantxo eder bati esker –zabaleko arrastoa ukitu ote duen zalantza geratu zen– eta sakez zuzenean lortutako tanto batekin.

Hortik aurrera hasi zen, ordea, Aimarren ezina. Victorrek, sakearekin min handia eginez eta pilota oso bizi mugituz, zortzi tanto lortu zituen erreskadan, 4-2tik 4-10era pasatzeko. Txokoan pilota utziz, atzera luzatuz, boleaz… tanto asko eta onak egin zituen Ezkaraiko aurrelariak tarte horretan, aurkaria kantxan asko mugitzera behartuz. Eta lan hori guztia borobiltzeko, boleaz sekulako horma-bikoa sinatu zuen partida lehen atsedenaldi luzera 5-12ko emaitzarekin bidaltzeko.

Arnasa hartu ondoren, lortu zuen Aimarrek markagailuko tartea apur bat murriztea. Bizpahiru jokaldi ederrekin 11-14 gerturatu zen neurketaren lehen erdia igarotzen ari zirenean, baina orduan ere ez genuen beste urte batzuetako pilotari bikain hori ikusi. Gantxo bat behera bidalita eman zion aukera Victorri 11-15ekoa egiteko, eta errioxarrak oparia baliatuz, partziala 12-19raino luzatu zuen.

Gogorra da Olaizola, langilea beti, eta azken txanpan ere saiatu zen Victorri ezusteko bat ematen. Sakez bi tanto eginda, hiru tantora hurbildu zen berriz (16-19), baina errioxarrak orduan ere asmatu zuen pilota txokoan bihurritu eta tanto gogor bat bere alde ateratzea, eta gakoa izan zen 16-20koa igotzea markagailura. Merezita, azken gantxo ikusgarri batekin itxi zuen dema 17-22koa eginez.

Gaurko irabazlea, finalerdietara

Esan bezala, A multzoko beste partida gaur arratsaldean jokatuko dute Donostiako Atano III.a pilotalekuan Altuna III.ak eta Ezkurdiak (18.00, ETB1). Biek garaipena lortu zuten aurreneko jardunaldian, itxura bikaina emanda eta emaitza argiak eskuratuz, eta lehendik ere ezarria zuten faborito izendapena indartu egin zen. Gainera, gaur irabazten duena finalerdietarako sailkatuta egongo da.

Bestalde, Joseba Ezkurdiak irabazten badu Aimar aukerarik gabe utziko du eta bigarren txartela Victor eta Altunaren artekoan erabakiko litzateke; Altunak irabazten badu, berriz, Aimarrek bere aukerak izango lituzke azken jardunaldian.