Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA LEHIA

Fedme-ren hitzorduan, lau domina euskal ordezkarientzat

Hilaren 12, 13 eta 14an, Rocopolisen (Berriobeiti), Espainiako zailtasun, abiadura eta paraeskaladako txapelketak jokatu ziren.

Fedme Espainiako Eskalada eta Mendi Federazioak Nafarroara lehia hitzordu garrantzitsu bat ekarri berri du: Espainiako zailtasun, abiadura eta paraeskalada txapelketak. Txapelketa hirukoitza, alegia. Eta egoitza Berribobeiti herrian dagoen Rocopolis rokodromoa izan da.

Fedmek Rocopolis aukeratzeak ez gaitu ezustean harrapatu; izan ere, eskalatzeko horma horrek eskalada lehia baterako egitura bikainak ditu. Baina horretaz aparte, eskalada txapelketa hirukoitza Berriobeitiko rokodromora ekartzeak, zalantzarik gabe, badu arrazoi argi eta garbi bat. Aipatu dugu abiadura modalitateak ere tartea edo protagonismoa izan duela. Bai, hala da. Oker ez bagaude, lehen aldia da Fedmek izaera horretako lehia bat antolatzen duena. Jakina, bi urte barru Japonian izango diren Olinpiar Jokoetara begira.

Bada, Rocopolisek Espainiako Estatuan altxatu den lehen abiadura murrua zabaldu du. Eta lehena esaten dugu, besteak beste, IFSC Nazioarteko Kirol Eskaladako Federazioaren neurrietara egokituta dagoelako. Eta neurriak aipatu ditugunez, honakoak dira Rocopoliseko murruak dituena: 15,5 metro luze da, 6 metroko zabalera du eta bost graduko eroria. Eta gehitu behar dugu nazioarteko federazio horrek homologatutako murru gutxi daudela; mundu zabalean beste hamarren bat.

Esan bezala, abiadurako murru ofizial hori eskalada hitzordu nagusi horrekin inauguratu zen. Baina aipatu dugu ere Rocopolisek zailtasuneko eta paraeskaladako txapelketak bere baitan jaso dituela.

Eta hitzordu hirukoitza izanik, Fedmek hilaren 12, 13 eta 14ko zubia aprobetxatu zuen. Guztira, 60 eskalatzailek hartu zuten parte. Eta, ohi den legez, euskal ordezkariek ez zuten hutsik egin. Lerrootako izenburuak dioen bezala, euskal lehiakideek lau domina erdietsi zituzten. Itziar Zabalak, adibidez, zailtasun modalitatean brontzea eskuratu zuen. Domina bera baina abiaduran Andoni Espartak bereganatu zuen. Eta paraeskaladan bi urre: Marta Pecherena LRP-2 kategorian eta Pablo Blancorena AU2 kategorian.

Giro ederra

Txapelketa hirukoitza eta hiru egun horiek guztiak jokatzeko. Oro har, esan daiteke, parte hartze azpimarragarria izateaz gain, lehia bikainak ikusi zirela eta giro ederra bizi izan zela.

Lehian lehenak zailtasuneko modalitatekoak izan ziren; finalak 14an jokatu ziren. Sailkapen txandan 50 eskalatzailek (32 gizon eta 21 neska) jardun zuten. Ion Gurutz Lazkoz, Ander Gardeazabal eta Segio Verdasco izan ziren lehiakideei “buruhausteak” eman zizkietenak; hots, ekipatzaileak izan ziren.

Mutilei dagokienez, sailkapenetako 16 onenak finalerdira igaro ziren. Hor asko estutu behar izan zuten; izan ere, ekipatutako bidea atletikoa zen eta mugimendu gogorrak zituen. Horretan onenak Ramon Julian eta Bittor Esparta izan ziren: biek ala biek bidea kateatu zuten. Baina finaleko proposamenean ez ziren hain ondo moldatu, eta Javier Cano eta Iker Ortiz gailendu zitzaizkien. Espartak, azkenean, laugarren postua lortu zuen. Azpimarratu behar da bilbotarrak txapelketa bikaina egin zuela: sailkapenetan bi top egin zituen, beste bat finalerdietan eta finalean podiumetik oso gertu geratu zen. Bosgarren postua haren anaia Andonik lortu zuen, seigarrena Eneko Carreterok eta zortzigarrena Iñaki Arantzamendik. Ikus daitekeenez, euskal ordezkariek protagonismo handia izan zuten. Euskal eskalatzaileak izan ziren zortzi finalistetatik lau.

Nahiz eta mutilek postu oso onak lortu zituzten, neska bat, Itziar Zabala, izan zen lehendabiziko euskal domina eskuratu zuena. Kategoria honetan ere zortzi lehiakidek finalerako txartela eskuratu zuten. Eta kasu honetan protagonismoa hartu zutenak eskalatzaile katalanak izan ziren; izan ere, bost ordezkari finalean ikusi genituen. Nahiz eta lehiakide askok sailkapenetako zein finalerdiko bideak kateatu zituzten, Zabalak ez zuen aukerarik izan bat bera ere sinatzeko. Alabaina, dimoztarrak final bikaina egin eta podiumaren hirugarren kutxara igo zen. Azpimarratzekoa da Zabalaren lana, besteak beste, zazpi urte baitzeramatzan zailtasuneko lehia ofizialetan parte hartu gabe.

Abiadurako lehiaren txanda 13an iritsi zen. Nahiz eta ingurumari honetan modalitate honek oihartzun eta zale gutxi dituen, ezbairik gabe aitor dezakegu oso ikusgarria dela. Sailkapenetan bi bide eskalatu ondoren, finalistek ikuskizun ederra eskaini zuten Rocopolisen bildutako jende andanaren aurrean.

Mutiletan azkarrenak Erik Noya eta Isaac Estevez izan ziren; horien artean jokatu zen finaleko norgehiagoka. 6:43 denborarekin (Espainiako errekor berria) gailendu zitzaion Noya Estevezi (6:61). Azken lehiakide honek Euskal Mendizale Federazioaren txartela du, baina, espainiar herritartasuna ez duenez, sailkapen nagusi edo ofizialetik kanpo geratu zen. Andoni Espartak, berriz, Estevezen “hutsune” hori podiumean sartzeko baliatu zuen. Nahiz eta azkeneko bidearen erdian erori zen, beste bideetan Espartak lan txukuna egin zuen; bilbotarraren denbora onena 8:51 izan zen.

Lehen hamarren artean beste hiru euskal ordezkari sailkatu ziren: Carretero bosgarren postuan, Asier Cobo zortzigarrenean eta Iker Carrera bederatzigarrenean. Nesketan, berriz, euskal eskalatzaile bakarra izan zen. Maider Corralek seigarren postua sinatu zuen. Bere denbora 22:15 izan zen.

Paraeskaladan, azkenik, aipatu behar da Marta Peche LRP-2 kategorian (mugimendu, indar eta oreka mugatua) lehiakide bakarra izan zela. Lehen aldia zuen lehia batean; eskuarki, soilik arrokan eskalatzen du. Pablo Blancok anputatuen kategorian (AU2) hartu zuen parte. Hau ere lehiakide bakarra izan zen.

Fedmek beste sailkapen bat eskaini du: overall izenekoa. Horretan bloke, zailtasun eta abiadura probetan lortutako emaitzak kontuan hartzen dira. Carreterok laugarren postua sinatu du, eta Bittor Espartak, bederatzigarrena.