Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surf

Italo Ferreira, garaile Portugalen, eta Medina, CT rankingeko buru

Italo Ferreirak irabazi zuen 2018ko CT itzuliko azken-aurreko txapelketa Portugalen. Gabriel Medina munduko titulua eskuratzeko zorian da, baina Filipe Toledok eta Julian Wilsonek oraindik badute aukerarik.

Portugalen Gabriel Medinak irabazi izan balu, aurtengo CT titulu mundiala eskuratu ahal izango luke, eta bazirudien horixe gertatuko zela, brasildarra txapelketako puntuazio altuenak jasotzen ari baitzen. Alabaina, lehiaketetan ezer ez dago aurrez idatzia eta 2018ko CT zirkuitua amaitzeko txapelketa bakar baten faltan, oraindik munduko titulua irabazteko zenbait hautagai daude.

Gauzak horrela, Gabriel Medina dago rankingean lehen postuan, eta ondorioz, titulu hori eskuratzeko aukera gehien berak ditu, baina rankingean bigarren postuan berdinduta dauden lehiakide Filipe Toledok eta Julian Wilsonek ere, aukera gutxiago izan arren, munduko titulua eskura dezakete, baldin eta Pipelineko txapelketan txapela irabazi eta Medinak emaitza on bat lortzen ez badu. Gainerako lehiakide guztiek, ostera, ez dute aurtengo munduko titulua irabazteko inongo aukerarik.

Medina, Toledo edo Wilson

Portugalgo munduko txapelketan ez zen finala izan txapelketako txanda garrantzitsuena, finalerdietan Italo Ferreiraren eta Gabriel Medinaren artean jokatu zena baizik; izan ere, Medinak irabazi eta finalera iristea lortu izan balu ia ezinezkoa izango litzateke aurtengo munduko titulua beste norbaitek irabaztea, zeren eta bildutako puntu kopurua gainditzeko aukerarik ez lukete izango beste lehiakideek.

Filipe Toledori, CT rankingean bigarren postuan zen lehiakideari, munduko titulua eskuratzeko aukerak izugarri handituko zitzaizkion Portugalen emaitza on bat lortu izan balu, baina Joan Duruk hirugarren errondan kaleratu eta txapelketatik kanpo utzi zuen brasildarra. Sekulako kolpea izan zen aurtengo zirkuituan rankingeko lehen postuan denbora gehien egin zuen brasildarrarentzat. Burumakur eta negarrari eutsi ezinik igaro zuen Toledok urertzetik aldageletarako bidea. Hala ere, oraindik ez dela dena amaitu ere esan zion WSLko erreportariari.

Hain zuzen ere, aipagarria izan zen Toledo kalera bota zuen Joan Dururen jarduna, Julian Wilson ere berak kaleratu baitzuen, eta beraz, rankingeko bigarren eta hirugarren postuan ziren bi lehiakideen ametsak zapuztu zituen. Wilson, gainera, Medinarekin batera faboritoetako bat zen, eta ikusleek ia ziurtzat zuten bien arteko finala izango zela Portugalen, baina azkenean ez zen halakorik gertatu.

Finalerdi interesgarriak

Joan den astean, olatu indartsuekin eman zioten hasiera Portugalen munduko surf txapelketari. Peniche eskualdeko Supertubos hondartzan aurtengoan ere tubo eta erorketa ikusgarriak izango zirela zirudien, baina pixkanaka olatuen tamainak behera egin zuen, eta ostiralean, azken txandak egin zituztenean, metro bateko olatu oso politak izan baziren ere, Supertubosen tuboak falta izan ziren.

Finalerdietara iritsi ziren lau lehiakideak ezker surflariak ziren, eta hori ez da batere ohikoa, goofyak gutxiengoa baitira surflarien artean. Alde batetik, Joan Duru frantsesa eta Owen Wright australiarra itsasoratu ziren eta bestetik, bi brasildar, Gabriel Medina eta Italo Ferreira. Bi txandak oso desberdinak izan ziren; batean bizkarkako birak egin zituzten eta bestean aurpegiz aireko zailena nork egin lehiatu ziren.

Joan Duru, ama Donibane Lohizunekoa duen Landetako surflaria, finalerdietan ere bikain aritu zen. Eskuin olatu luzeak hartu zituen eta bizkarkako bira bortitzekin hasieratik amaieraraino garbi landu zituen. Bere aurkariak ere eskuin olatuen aldeko apustua egin zuen, baina ez zuen lortu Duruk adina bira indartsu egitea.

Medinaren eta Ferreiraren arteko txanda zinez ikusgarria izan zen. Biak ala biak, ezker olatuak hartu eta ahalik eta abiadura handiena lortu ondoren, olatuaren amaieran 360 graduko itzulia egiten saiatzen ziren airean. Antzeko olatuak hartzen zituzten biek eta aireko bera egiten amaitzen zuten; horrenbestez, aireko altu eta garbiena egiten zuenak lortuko zuen finalerako pasea, eta azkenean hori Ferreira izan zen, 9,30 puntuko olatu bat egitea lortu baitzuen.

Toledoren kasuan bezala, Medinarentzat ere finalerdietan kaleratua izatea kolpe gogorra izan zen. Horregatik Ferreirak besarkada bat eskaini zion bere aberkideari. Orrialde honen azpialdean dagoen argazkian ikus daitekeenez, aldageletan ere lur jota zegoen Medinarekin errespetuz jokatu zuen.

Ferreira vs Duru

Supertubos hondartza jendez leporaino zegoen ostiralean. Eguraldi bikaina egiten zuen eta surf zaleek lehen lerrotik ikusi nahi izan zuten munduko lehiakide onenek eskaini zuten ikuskizuna. Azken urteetan, eguraldi txarrarekin ere ez dute huts egin Portugalgo zaleek, eta aurtengoan eguraldi onarekin sekulako giroa zegoen hondartzan. Gainera, portugaldarrek brasildarrak maite dituzte, eta finalean faboritoetako bat izateak are eta gehiago aztoratu zituen ikusleak.

Joan Duruk olatu aukeraketa on bat eta bira seguruak egin nahi zituen; ongi aritu zen, baina ezin izan zuen ezer egin «on fire» zegoen Italo Ferreiraren kontra. Brasildarrak itzelezko airekoak egin eta ikusleak zutik jartzea lortzen zuen. Duruk ostera, olatu politak egiten zituen, baina ez bere aurkariarenak bezain ikusgarriak.

Ferreirak 7,53 eta 8,50 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin; guztira, 15,93 puntu. Joan Duruk, berriz, 10,77 puntu baino ez zituen bildu (7,00 + 3,77); beraz, alde handiz gailendu zen brasildarra.

Edonola ere, Joan Dururentzat lehen mailako final batera iristea emaitza oso ona da. Landetako surflariak aurreneko urtea du Top 34ean eta bere helburua hurrengo urtean lehen mailan jarraitzea da. Portugalen eskuratutako bigarren postuari esker, 10 postu igo ditu rankingean eta egun 23. postuan da.

Aurtengo CT itzuliko azken lehiaketa erabakigarria izango da. Urtero bezala, Pipelinen izango da abenduaren 8 eta 20 artean. Hawaiiko urautsi mitikoan izendatuko dute 2018ko munduko txapelduna.

Honi buruzko guztia: Surf