GARA
GASTEIZ

Urruntzearen lekukotasunak Araban, antzezlan eta erakusketen bitartez

«Askatasun haizea» lelopean, Estatu espainolak mantentzen duen salbuespenezko espetxe-politika eta, bereziki, presoen urruntzea salatzeko ekimena jarri du abian Araban Etxeratek. Antzezlanen bitartez «dispertsioaren aurpegien lekukotasuna» emango dute Agurain, Gasteiz eta Amurrion antolatutako elkartasun emanaldietan.

Hala, antzezlan horien bitartez «dispertsioaren ondorioei aurpegiak» jarriko dizkiete datozen egunotan. Bihar Agurainera iritsiko da ekimena, etzi Gasteizen izango da eta ostiralean, Amurrion.

Erakusketak ere antolatu dituzte Gasteizen azaroan zehar: 5etik 11ra Iparralde Gizarte Etxean izango dira ikusgai; 12tik 18ra, Judimendi Gizarte Etxean; eta 19tik 26ra, Zabalgana Gizarte Etxean.

«Honako hau elkartasun lan bat da, konpromiso handikoa, energiaz beterikoa, hainbat antzezpen-ekintzaren bidez, parte hartuko duten artistek politika bidegabe honen gainean duten ikuspegia emango diguna», adierazi zuten ekimen honen bultzatzaileek, Gasteizen eginiko aurkezpen agerraldian.

«Interpretazioa, dantza, bertsoak eta musika, denak dira gizarte honetan oraindik bizi eta sufritzen dugun errealitatearen adierazpide berezi», nabarmendu zuten.

1999ko udazkenean Gasteizko Printzipal Antzokian egin zen Etxera Galaren bidetik datorren ekimen honen harira bi faktore nabarmendu ditu Etxeratek: «Motibazio politiko bategatik espetxeratutako pertsonen aurkako politika hark indarrean dirauela eta, ondorioz, elkar ikusi ahal izateko beren senideek milaka kilometro egiten jarraitzen dutela, eta gure herriko kultur munduko sektoreak hurbiltasun eta elkartasun sentsibilitate berezia izaten jarraitzen duela».

23 arabar

Prentsaurrekoan erantsi zutenez, 23 arabar daude gaur egun espetxean, bi deportaturik eta beste hainbat ihes eginda arrazoi politikoak direla eta.

Urruntze politikaren «ondoriorik larriena» ere ez zuten bazterrean utzi, hori indarrean jarri zenetik joan diren 29 urte hauetan hamasei izan baitira errepidean bizia utzi duten senide eta lagunak. Azkena gasteiztar bat: Natividad Junko, Terueleko espetxera zihoanean izandako istripu baten ondorioz bizia galdu zuena, 2007. urteko Gabonetan hain zuzen ere.