Asier AIESTARAN
Saskibaloia

Aurkari ezagunena, hasteko

Gernikak gaur ekingo dio Gironako Fontajau pista zailean Eurocup lehiaketako multzo faseari.

Aurrekanporaketa nagusitasun handiz gainditu ostean, Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldeak gaur ekingo dio Women Eurocup lehiaketako ligaxka faseari. Hiru aurkariak Spar Citylift Girona kataluniarra, CMB Cargo Uni Gyor hungariarra eta Clube Uniao Sportiva portugaldarra dira, eta sua irekitzeko Girona indartsuaren kantxan jokatuko dute bizkaitarrek, Fontajaun, 19.00etan hasita –ETB4k zuzenean emango du gaurkoa, baita Gernikak etxean jokatuko dituen hiru partidak ere–.

Gernikak sekulako denboraldi hasiera egin du. Europako aurrekanporaketan aise menderatu zuen Namur talde flandiarra, eta Ligako aurreneko hiru partidak irabazi egin ditu. Erasoan Jazmon Gwathmey (16,6 puntu partidako) eta Margaret Roundtree (16,6) sekulako lana egiten ari dira, aurten fitxatu dituzten jokalarien lana gidatuz: Berezhynskak batez beste 7,6 errebote hartu ditu, esaterako, eta Dietrick antolatzen nabarmendu da 4,3 asistentziarekin.

Baina Mario Lopezen taldeak ez du edonolako aurkaria izango aurrean. Gironak ere ez du hutsik egin Ligako lehen hiru jardunaldietan eta ligaxkan aurrera egiteko faboritoetako bat da, zalantzarik gabe. Eshaya Murphy eta Keisha Hampton dira beren jokalari arriskutsuenak erasoan, baina seguruenik Laia Palau antolatzaile bikaina da Kataluniako taldearen jokoa gehien baldintza dezakeena.

Adituek diotenez, aurrera egiteko bi txartelak Gernika, Girona eta Gyor hungariarraren artean banatuko dira, talde portugaldarra apalagoa baita teorian. Hain zuzen ere, multzoko beste partida 18.00etan hasiko da Hungarian, eta datorren astean Gyor izango da Maloste bisitatuko duena.

Final Fourrerako sarrerak

Baskoniako bazkideek lehentasuna izango dute Gasteizen jokatuko den Euroligako Final Fourrerako sarrerak erosteko. Salmenta orokorra azaroaren 6an hasiko da, baina Baskoniako bazkideek urriaren 30etik aurrera erosi ahal izango dituzte sarrerak: hilaren 30eko (asteartea) 12.00etatik 31ko 12.00ak arte, bazkideek kode berezi bat edukiko dute Euroligako web orrian sartu eta sarrerak erosteko. Eta urriaren 31tik azaroaren 2ra aukera Euroligan parte hartzen duten taldeetako bazkide guztiei zabalduko zaie, Baskoniakoak barne.

Oraindik asko falta da, ordea, eta taldea bihar Munichen Bayernen aurka jokatuko duen partida prestatzen ari da buru-belarri. Atzo Luca Vildozak hitz egin zuen eta argi onartu, taldearen helburuak betetzeko kanpoan irabazi beharra dagoela. Bere joko mailari buruz, hobetzeko lanean ari dela gaineratu zuen, baina «apurka» joan behar dela.

Lakers, irabazi gabe oraindik

NBAri dagokionez, LeBron James eta bere Los Angeles Lakers berriek irabazi ezinik jarraitzen dute, lehendabiziko hiru partidak galdu egin baitituzte. Azkena bereziki mingarria izan da, San Antonio Spurs taldearen aurka 142-143 galdu zutelako Patty Mills australiarrak luzapena amaitzeko 6 segundo falta zirenean sartutako saskiratzeari esker. Jamesek izan zuen azken jaurtiketa bat, baina ez zuen asmatu.

Txanponaren beste aldean Toronto Raptors eta Milwaukee Bucks daude, orain arte jokatutako partida guztiak irabazita.