GARA
GASTEIZ

Gasteizko Hezkuntza Sailaren testua kezka iturri da Sortzen-entzat

“Hezkuntzaren aldeko akordioaren oinarriak” dokumentua aurkeztu zuen Lakuako Hezkuntza Sailak astelehenean Legebiltzarrean, eta horren inguruko iritzia eman zuen atzo Sortzenek. Elkarteak azaldu zuen testua osatzeko prozesua ez dela hezkuntza komunitatearen parte-hartze eta adostasun zabalarekin egin.

Edukian sartuta, espresuki aipatu zuen Sortzenek «jauzi bat emateko borondatearen isla izan zitekeen» hizkuntzaren atalarekin gertatutakoa. «Urte luzez hezkuntza komunitateak, euskalgintzak zein herritar askok eskatutako hizkuntza ereduen gainditzeari lepoa eman zaio».

Sistema propioa

Hezkuntza batzordeko eztabaidaren ondorioek kezkarako nahiko arrazoi sortu zioten Sortzeni. Aldarrikatu zuenez, burujabetzaren parametroetan, hezkuntza sistema propioaren aldarrikapena edukiz bete behar da eta horren inguruan herri adostasun zabala eraiki, «benetako herri akordioa, gure herriak behar duen hezkuntza ereduaren inguruan. Horra erronka».