GARA
DONOSTIA

GuraSOS: «Zubietako erraustegiak %110eko gaindimentsioa izango du»

Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak behar duen gaitasunaren bikoitza baino gehiago izango duela ondorioztatu du GuraSOS kolektiboak, Hitzartu prozesuaren bidez. Bestalde, erraustegia eraikitzearen alde egiteko zabaldu diren datuak «puztuta» daudela salatu dute.

GuraSOSen Hitzartu prozesuaren baitan Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plana erredaktatzen ari da adituz osatutako Mahai Tekniko bat, eta atzo goizean Donostiako EHUko Carlos Santamaria eraikinean egindako prentsaurrekoan planaren lehenengo faseen ondorioak aurkeztu zituzten.

Larriena, GuraSOSeko bozeramaile Joxemari Izetak esan zuenez, errauste plantaren «gaindimentsioa» da. Zenbaki bidez frogatu zuen: Europak hondakinen kudeaketarako ezarritako irizpideek diote 2035ean gehienez ere urtean 96.312 tona errefus tratatu ahalko direla, eta Zubietako errauste plantak urtean 200.000 tona erretzeko gaitasuna izango du. Hau da, «gaindimentsioa %110ekoa» izango da.

Hau «eskandalu» bat da, GuraSOSen iritziz, «kontuan izanda erraustegiaren eraikuntza lanen 1.000 milioiko kostua herritarrek ordainduko dutela 35 urteko epean, hondakinen tasaren bidez».

2002-2016 Foru Planak eta 2019-2030 Planaren proiektuak «predeterminazio politiko» batetik abiatu dira kolektiboaren aburuz, erraustegiaren dimentsioa Plana erredaktatu aurretik zehaztu dutelako.

Zenbakiak «puztuta»

Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, Gipuzkoan 329.000 tona hondakin sortu ziren 2017an. Alabaina, urte horretarako egindako prognosiak 529.000 tona sortzea aurreikusten zuen. «Erraustegia justifikatzeko» prognosiaren datuak «puztu» zituztela, edo bestela, munizipalak ez diren hondakinak ere zenbatetsi zituztela salatu zuen Izetak.

Zubietako errauste plantan «munizipalak ez diren hondakinak erraustea» –papergintza industriarenak, eraikuntza enpresenak eta araztaileenak, esaterako– «diru publikoaren desbideratze larria» litzateke, GuraSOSen ustez.

Hiri hondakinen kudeaketa planaren beharra berretsi zuen Izetak, eta hori egin bitartean «erraustegiko lanak berehala geldiaraztea» exijitu zuen.

Erraustegiaren proiektua eteteko asmoz larunbatean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera dei egin zuten.