A.A.
Eskubaloia

Hungariako Dunaujvarosi egokitu zaio Bera Berari

Dunaujvarosi talde hungariarra izango da Super Amara Bera Beraren aurkaria EHF Kopako hirugarren kanporaketan. Donostiako taldeko ordezkariak nahiko pozik azaldu ziren zozketaren emaitzarekin, baita itzulerako partida etxean jokatuko dutelako azaroaren 17 edo 18an (joanekoa 10 edo 11n).

«Izan genitzakeen aurkarien artean agian ez da txarrenetakoa. Aurkari errazik ez dago maila hauetan, baina zailen artean eskua sartzeko modukoa izan daiteke hau. Bidaia teorian ez da bereziki konplikatua, Budapestera hegazkinez joango garelako eta handik 60 bat kilometrora dagoelako hiria. Batez ere, Errumania eta Errusiako taldeak ekidin nahi genituen, talde gogorrak izaten direlako eta bidaiak ere askotan oso deserosoak», adierazi zuen Tati Garmendiak, eskubaloi ataleko arduradun nagusiak.

Ligan azken-aurreko postuan daude, baina hala ere, talde hungariarra izaki, kanporaketa ez dela erraza izango argi du Tatik: «Ligan ez doaz batere ongi, baina horrek ez du ezer esan nahi, ez dugu erreferentziatzat hartzen. Europako Liga indartsuenetakoa da Hungariakoa eta han azkena joanda ere talde ona izan liteke. Bideo batzuk ikusteko aukera izan dugu eta argi daukagu kanporaketa ez dela batere erraza izango».

«Pibot kroaziar bat dute, 1,93 metroko altuera duena, baina dauzkagun bideoetan ezin izan dugu bera ikusi. Informatzen jarraitu behar dugu, baina badakigu Hungarian oso maila altua daukatela jokalariek, ez senior mailan bakarrik, gazte mailetan ere bai, jubenilek azken Munduko Txapelketan erakutsi zuten moduan. Jokalari indartsuak, azkarrak... baloia erasoan oso azkar mugitzen dute eta ez da erraza izango. Tomasic daukate, ondoen ezagutzen duguna, gure atezaina izan zelako».

Jokalari zen garaian ere jokatu zuen Garmendiak talde honen aurka. «Lehen Dunaferr izena zuen, Ligak irabazitakoa da, eta Championsen jokatu du askotan. Guk Errekopan jokatu genuen beraien aurka, eta kanporatu egin gintuzten». Eta eskertu egin zuen lehen partida kanpoan jokatzea, azaroaren 10-11ko asteburuan ekitaldi asko daudelako Donostian: Behobia, USA-Samoa errugbi partida...