GARA
DONOSTIA

Intsinisen ikerketa sustatzeko eskatu du Gipuzkoako EHNEk

Epe motzeko neurriak hartzeaz gain, etorkizuneko planteamenduak zehaztu behar direla esan zuen Gipuzkoako EHNEk, Kristinaenean eginiko prentsaurrekoan. Kaltetutako intsinis pinudien mailaketa egin eta ikerketan inbertitu dadila exijitu zuten. Ekonomia «berdearen» alde ere egin zuten, petroliotik eratorritako produktu gutxiago kontsumitu nahi izanez gero zuhaitzak eta horien ekoizpena beharrezkoak direla nabarmenduz.

Gipuzkoako EHNEk prentsa agerraldia egin zuen, intsinis pinudiak gaixotzen ari den gaitzaren aferan bere ikuspuntua azaltzeko. Sindikatuaren ustez, “banda marroi” izenez ezaguna egin den onddoak kaltetutako basoen mailaketa egiteak izan behar luke aurreneko pausoa: «Larrienetik osasuntsuen dagoenera, horren baitan mozketak lehenesteko».

Elkarteko lehendakari Garikoitz Nazabalek jakinarazi zuen eremu batzuetan pinudiak botatzea dela irtenbide bakarra, baina badaudela beste esparru batzuk pinuak bota beharrik ez dagoena. Alternatibak badaudela aipatu bai, baina ez zituen zehaztu. Alde horretatik, elkartearen parte diren basozain eta baserritarrei pazientzia izan dezatela eskatu zien: «Pazientzia pixka bat, nahiz eta orain momentuan egoerak lehenbailehen erreakzionatzea eskatzen digun».

Joan den astean EAEko hiru aldundiek eta Lakuak jakinarazi zuten dagoeneko zenbait neurri martxan dituztela, eta horietako bat kalteen araberako mailaketa egitea da. Horretaz gain, oxido kuprosoa erabiliz aireko tratamendua egiteko baimenak tramitatzen ari direla esan zuten.

Ildo honetan, Gipuzkoako EHNEk ikerketa gehiago sustatzeko eskatu die administrazioei. Beren esanetan, neurriak eta planteamenduak jada berandu datoz, gaitzaren berri jakin arren eta aurreikuspenak bazituzten ere, gaitza hain azkar hedatu izanak «alarma gorri guztiak» aktibatu baititu. Horregatik, epe motzeko neurriez gain, etorkizunari begirako planak exijitu zituen Nazabalek.

«Baserritarrentzat osagarri garrantzitsua eta estrategikoa izan dira intsinis pinudiak eta herri planteamendua egitea beharrezko ikusten dugu», azpimarratu zuen. Hala, ikerketan inbertitzeko eskatu zuen, ekonomia berdea sustatzeko.

Material berriztagarria

Gipuzkoako EHNEk defendatu zuen egurra material berriztagarria dela, eta, horrenbestez, «herri bezala garapen jasangarriaren bidean aukera paregabea» eskaintzen duela; burdina eta hormigoiaren eremuan, material kimikoz inguratutako lekuetan, egurra alternatiba dela argudiatu zuten, eta gaineratu, petroliotik eratorritako materialak erabiltzeari uko egin nahi baldin badiogu egurra ekoiztea ezinbestekoa dela.

Banda marroi gaixotasunari aurre egin ahal izateko, alderdien arteko desadostasunak gainditu beharra dagoela ohartarazi zuen Gipuzkoako nekazarien elkarteak. Datuak biltzeko laginketa sarea sortu behar dela aditzera eman zuen, baita intsinis pinu iraunkorra lortzeko ikerketa bideak ere.

Bestalde, eremua beste espezie batzuekin birlandatzeko aukerari dagokionez, azpimarratu zuen horiek ere gaixotu litezkeela eta, beraz, espezie berriak hautatzerakoan horiek egokiak diren jakin behar dela.