Xabier Izaga
Kazetaria
GAURKOA

Aurkituko ez duzun hiria

Astelehenean Joserra Lopez de Abetxukorekiko elkarrizketa argitaratu zuen egunkari honek. Biharamunean Europako Auzitegiak jakinaraziko zuen ebazpena zen solasgai nagusia. Arreta eman zidaten Abetxukok esandako batzuek, baita elkarrizketaren egile Ramon Solari ere, nonbait, azpimarratu egin baitzituen. Izenburuan, «denbora ez da itzuliko» irakurri genuen. Aspaldiko egia. Hala ere, Abetxuko ez da gehienon denboraz ari.

Bazekien kalean jasoko zuela Europako Auzitegiaren ebazpena. Berak uste zuen bestelakoa izango zela, denok uste genuen bezala, Espainiako Gobernuak-eta ere bai, nonbait. Elkarrizketa irakurri zuten gasteiztarrei behinik behin arreta emango zien, halaber, 2014an, Europak kartzela zigorrak batzearen gaineko zuzentaraua euskal presoei ez aplikatzeko Espainiak lege trikimailua egin zuenean, Abetxukok abokatuari esan zionak: «La Flor de la Riojara eraman diezadatela ebazpena». Izan ere, bazekien ebazpena edozein izanda ere, kalean izango zela hura argitaratzerako. Kartzelan 29 urte eman ondoren, 37 urte ihesean eta kartzelan eman ondoren, Aiztogile kaleko La Flor de la Riojan egongo zela uste zuen. Oker. Ez zekien ez zela gogoan zuen Gasteizera itzuliko.

La Flor de la Rioja ez da existitzen, ez orain ez 2014an. Taberna hura, eraikin osoa, eraitsi egin zuten urte dezente lehenago. Ez da lekua, não é um espaço terminado por linhas ou superfícies. Eta, hala ere, euria ari du haren gainean, na cidade.

La Flor de la Rioja bezala, ezin konta ahala taberna eta denda desagertu dira kale horretan, eta Gasteizko kale guztietan. Abetxukok atzean utzi zuen hiriko alde zaharreko kale estuetan bi espaloi zeuden, eta autoak bi norabideetarantz igarotzen ziren galtzadako harri higatu eta borobildu haien gainean. Gasteiz hartan ez zeuden gaur egungo auzorik handienak.

Atera zenean, anaiak lagundu zion sakelako telefonoa erostera, telebistan baino ikusita ez zeukan traste hori, eta beharbada behin baino gehiagotan pentsatuko zuen berak ez zuela halakorik erabiliko; Internet eta teknologia berriek arreta emango zioten... bai, baina kalea zer begitandu ote zaio? Behin baino gehiagotan entzungo zuen: «Ikusten duzunez, hau ez da asko aldatu». Bilakaera egunez egun ikusi duenaren begietan ez da aldaketa handirik izaten, baina 37 urteko aldaketa bat-batean ikusi duenarentzat erabatekoa da. Zenbat urte dituzte alde zaharra zeharkatzen duten eskailera mekanikoek? Urte dezente, eta eraiki zituztenerako Abetxukok 15 inguru zituen kartzelan. Ez du, ez, gogoan zuen hiria topatu. Eta gehienek baino hobeto gogoratuko ditu denda, taberna eta etxe zaharrak. «Hau beti egon da hemen», esango diote higiezinen agentzia baten –edo La Flor de la Riojaren ordez dagoen eraikin polemikoaren– aldamenetik pasatzean. «Beti», baina Abetxukok orain ezagutu du, eta ondo gogoan du zer zegoen aspaldi hartan, zer eskola, lantegi edo zelai zegoen «beti» baino lehen.

Hosto horiak nekatuta abailtzen dira, eta ez du atertzen. Poemak ere badu urte mordoa. Eta bihotzaren mendean dagoen guztia –baina ez bihotza mendean duen taupada-markagailua– «txikitu egiten da lakuan, denboraren lakuan». Itzuliko ez den denbora horretan.