Beñat Jusue Rosano
Ernaiko kidea
KOLABORAZIOA

Bada garaia!

Egunero goaz aurrera eta egunero kentzen diogu zonifikazioak sortutako harresi ikusezinari harriren bat edo beste. Erriberako herritarrok egunero bizi dugun errealitateak badu bere “berezitasuna”, euskarari buruz ari bagara. Gogoz hasten gara lanean euskararen alde, eta gogotsu jarraitzen dugu, helburua buruan; nahi ez gaituztenak nonahi daude, baina badakigu berdintasunaren bidean jarduten ari garela, ez beste ezeren alde. Berdintasuna. Besterik ez dugu aldarri. Berdintasuna, gure ondoko atarikoek, gure lagunek dituzten aukera berberak izateko, bazterkeriarik gabe.

Erriberan aurrerapausoak ematen ari gara egunero eta balioan jarri behar ditugu euskararen aldeko egitasmo guztiak. Irakurle Taldea, AEK, Ikastola, Txosnak, Euskararen Eguna, lan harremanetan saiakerak, euskararen festak, elkarte euskaltzaleak, Errigora, Euskaraldia… Komunitate euskalduna piztuta dabil, ilusioa eta lanerako grina badago eta horien parean, beharra. Premiazkoa da gure lana eta gure eskubideak egunero itotzen eta zapaltzen dituzten neurriak deuseztatzea. Erriberak lege aldaketak behar ditu eta Aldaketak Erribera behar du. Guztiok dugu lan handia egiteko.

Erregimenak lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako herritarrak aspaldi sortu zituen. Neurri honen emaitza nabarmenena, herrien arteko distantziak are gehiago handitu dituena. Nork erabaki zuen zein eremutakoa izan behar zuen herri batek edo beste batek? Herrien artean zenbat arrakala sortu ditu zonifikazioak? Nola onar dezakegu apenas kilometro batzuetako tartean eskubide galera hau? Zonifikazioa da erregimenaren garaipenetako bat, bazterkeriaren nafar ikurra: Azkoien, Irunberri, Aldatz, Lezaun, Arbizu, Lodosa, Baztan, Antsoain, Erriberri, Murchante, Tutera, Esa, Martzilla, Erronkari, Antzin, Iruñea, Deikaztelu, Irurtzun, Buñuel eta Leitza banatzen dituen neurri injustua. Nafarroa hirutan banatzen duen marra asmatua, inongo oinarririk gabeko asmakeria.

UPNk, PSNk eta PPk ahal duten aldiro ateratzen dute euskararen mamua eta euskararekiko fobia lau haizetara, beharrezko kolaboratzailea den “Diario de Navarra”-rekin batera. Erregimenak ez du atsedenik hartzen eta euskara hartu du aldaketaren kontrako arma moduan eta gezurrak barreiatzeko baliabide bezala. Adibide garbiena, D ereduaren kontrako kriminalizazio kanpaina. Baina gure eskubideekin ez da jolasten, hizkuntza-eskubideak ezin dira jolas baten edo loteria baten parte izan. Ez gaude prest eskubide urraketa hau sufritzen jarraitzeko. Nahikoa eragin du dagoeneko geure bizitzetan eta egunerokoan.

Ezin dugu ahaztu, halaber, gure hizkuntza-eskubideak askoz urrunago doazela, eta legezko aldaketez harago, eremu eta arlo desberdinetan premiak daudela eta premiak ditugula gazteok: unibertsitatean eta Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko eskubidea, administrazioaren euskalduntzea, euskara ikasteko laguntzak... guk geuk euskaraz bizitzeko eguneroko konpromisoak hartu ditugu; Euskaraldia bezalako ekimenak uholdea izanen dira Euskal Herria osoan. Horrekin batera, instituzioek gure hizkuntza-eskubideak bermatzera jo behar dute. Ez dezagun ahaztu Nafarroan milaka direla hogeita hamar urte luze hauetan euskaraz ikasteko aukera izan ez duten gazte eta herritarrak. Denbora gutxi geratzen da hamarkada luzeetako injustizia honi amaiera eman ahal izateko. Ezin dugu trena galtzen utzi.

Justizia kontua da. Nafarroan euskararen lege berri bat behar dugu; ezin dugu gehiago itxaron. Azken hilabete eta urteetan aurrerapauso batzuk eman dira. Hala ere, bide handia dago aldaketa hauetan sakontzeko. Baina, horretarako, euskaldunok gure eskubideak aitortuta ikustea ezinbestekoa da. Bigarren eta hirugarren mailako izateari uzteko, ofizialtasuna martxan jartzea eta zonifikazioarekin amaitzea beharrezkoa da.

Euskaraz bizi nahi dugulako eta euskaraz bizitzera goazelako, guk hartua dugu konpromisoa: urriaren 27an, Iruñeko kaleak hartuko ditugu. Kohesioagatik, berdintasunagatik eta justiziagatik. Euskara ofiziala Nafarroa osoan, behingoz!