Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Bi hitz musikagintzaz

Bueno, eta orain serio jartzen hasi garela euskal musikaren eta euskal musikarien eginbehar, ardura, ekarpen eta itzalaz, uste dut bi kontutxo, behintzat, aipatu behar direla. Lehenik eta behin, gauza jakina da garrantzitsua dela oso (hizkuntzarentzat, musikarentzat, musikariontzat) mainstream-ean lekutxo bat egitea. Gainera, lekutxo hori zenbat eta handiago orduan eta hobeto denontzat. Ados, hortxe utziko dugu, baina euskal musika “sano” eta eraginkorrarentzat, hori bezain garrantzitsu edo garrantzitsuagoa da underground osasuntsu, aktibo eta ongi koipeztatutakoa elikatzea. Ez dute zertan kontrajarriak izan, ez bada, jakina, gure agintari kulturalen begietan. Aspaldi daki musikaren industriak dena sal daitekeela, baita ideiarik iraultzaileenak ere, eta ez die axola. Lehentasunezkoa da, ordea, kritiko, berritzaile, ausarta eta irudimentsua den euskal musika eszenaren bat zaindu, hauspotu eta zabaltzea.

Bigarren kontutxoak zerikusia du musikarion eta jendartearen arteko harremanekin. Tarte handia dago jaialdiren batean slogandun elastikoarekin manifarako leloak ozen oihukatzearen, eta gerrillaren batean apuntatzearen artean. Dena da baliagarria, baina ez al genuke musikariok topikoetatik pixka bat harantzago joan beharko? Ez al da errazena ezkertiarraren plantak egitea (iaioak gara inguruotan), baina, hori aski izan beharko al luke? Dagokien garaiarekin harreman estu eta sendoa duten musikariak behar ditugu, eta harreman horrek eragina eduki behar du musikariongan, mundua eta musika ulertzeko moduetan, adibidez.