Nagore BELASTEGI
DONOSTIA
Elkarrizketa
JOSU GOIKOETXEA
IDAZLEA ETA BERTSO GAI-JARTZAILEA

«Liburua gaztarotik helduarorako pasabide moduko bat da»

Gernikan jaio zen 1974an, baina gaur egun Bilbon bizi da. Bertso munduan ezaguna da, telebistako aurkezle eta, batez ere, gai-jartzaile moduan. Literaturan, Lubaki Bandako partaidea izan zen 90eko hamarkadaren hasieran, baina «Zer luzea negu hau» du lehen liburua.

Bertso mundutik etorrita, errazagoa egiten al zaizu poemak idaztea?

Ez naiz bertsolaria, baina gai-jartzaile lanetan ibili naiz beti. Artistak dira bertsolariak, eta ni haien inguruan ibili naiz, hazi naiz, eta seguru nago beraiengandik zerbait jaso dudala. Imajinatzen dut haien lanetik kutsatu naizela. Poemetan ez dago bertso neurririk, baina badaude errima batzuk.

Testu batzuk zaharrak dira, besteak berriak. Zergatik erabaki duzu orain argitaratzea?

Urte luzetan izan ditut poema batzuk lagun, kaxoi batean gordeak, eta Twitter bidez hasi nintzen ateratzen. Esperimentu batzuk egin nituen gai-jartzailetzarekin, eta horrekin batera neuzkan poemak plazaratu nituen. Pertsona batzuen gustukoak izan ziren eta zabaltzen jarraitu nuen, baina ez ziren nahikoak poema liburu bat osatzeko. Beti izan dut liburu bat ateratzeko ametsa.

Iazko udazkenean Elkarreko Xabier Mendigurenek proposamena egin zidan, eta 30 poema inguru soilik nituenez denbora tarte bat eskatu nion gehiago egiteko. Iazko udazkenean hasi eta udaberrira arte jo eta ke ibili nintzen. Liburuaren poemen erdiak aurreko neguan daude osatuta. Poema batzuetan neguak badu presentzia, iazko negua oso luzea eta hotza izan zelako.

Beraz, negua al da gai nagusia?

Poemak eratzerakoan banaka egiten dituzu eta bakoitzetik ideia bat atera dezakezu. Bilduma osatzerakoan saiatu naiz poemen ordenaren bitartez tematikoki antza dutenak biltzen eta liburuari nolabaiteko haria, tonua edo intentsitate bat ematen. Izenburua liburuko azken poemari zor dio. Ni gaztea nintzeneko poema batekin hasten da liburua, eta prozesu bat dago bilduman, gaztarotik helduarorako pasabide moduko bat da. Beste gai batzuk ere badaude.

Negua helduaroarekin lotzen dut, kezkarekin, ardurarekin, arazoekin, gertakariekin, eta orokorrean helduaroaren onarpenarekin eta bizitzeko gogoarekin.

Kronologikoki antolatu dituzu?

Ez, baina egia da lehenengo atalean, “Leihoak eta ispiluak” izena daraman horretan, gehienak poema zaharrak direla. Zaharrenak 18 urte ditu. Azken atalean, “Bila dabiltzanak” horretan daude berrienak, nahiz eta nahastuta dauden guztiak. Esango nuke kronologia ez dela erabatekoa.

Atalek koherentzia dute?

Saiatu naiz. Lehenengoan poema narratiboak daude, pertsonaien ingurukoak; haur bat, gizartetik ezkutatzen den gizon bat, iraganeko mamuak… beste atal batek lau poema txiki batzen ditu. Tematika anitza da, baina elkartzen dituena da neurri zehatz bat dutela. “Hau guztia” deiturikoan, bikote harremanak, maitasuna, idazketa eta helduaroko kezkak, adibidez alabak izatearen kontua. Aurreko udazkenean aita hil zitzaigun eta berari eta gaixotasunari eskainitako pare bat poema daude. “Bila dabiltzanak” etorkizunari begira jartzen da.

Poema laburrak dira. Banaka edo jarraian irakurtzea gomendatzen duzu?

Nik ohitura daukat poesia pixkanaka irakurtzeko, baina hori bakoitzak ikusi behar du. Egia da laburrak direla eta beharbada hor badago bertsolaritzaren eragina. Idazterakoan halako urduritasun bat, pazientzia galtze bat, ere badaukadalako izan daiteke. Berehala bukatu nahi ditut nahiz eta gero moldaketak egin poemei, laburtu, gehitu, baina orokorrean di-da batean idaztea gustatzen zait poema bakoitza.

Irakurketa nahiko erraza dela iruditzen zait, erraz ulertzeko moduko esaldi eta hitzekin, baina gomendatzen dut poema batzuetan interpretazioa ez denean hain argia, berrirakurtzea, hausnartzea eta lasai hartzea.