2018/11/08

Peña II.a eta Bakaikoa, Promozio finalerako prest

Lehen Mailako Txapelketan, Nafarroa Arenarako sarrerak gaur ipiniko dira salgai internet bidez.

Asier AIESTARAN
1108_kir_pelota

Jon Ander Peña eta Joanes Bakaikoa prest dira larunbatean Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketako finala jokatzeko. Bi aurrelariak ilusioz gainezka azaldu ziren atzo Labriten egindako material aukeraketan, eta ez zieten aitzakiarik ipini saskian aurkitutako pilotei.

«Pilota onak dira, txapelketa guztian eduki ditugunak bezalaxe»; hori esan zuen Bakaikoak materialaren inguruan. Etxarriarra Lehen Mailako atean joka ari da azken hilabete luzeetan eta, Promozioko Buruz Buruko Txapelketa irabazi ostean –datorren urtean onenekin arituko da–, kaiolan ere goiko koskara jauzi egin nahi du.

«Fisikoki ongi nago, eskuetatik ere bai, baina uste dut neurketa oso bizia izango dela, azkar jokatzen denetakoa. Biok airez asko sartuko gara eta horrek erritmoa asko bizituko du, erasoko jokaldi asko egongo dira», aztertu zuen nafarrak.

Ligaxkako norgehiagokan, berak irabazi zuen argi (22-9), baina ez du uste erreferentzia gisa balio duenik. «Ez du zerikusirik izango. Partida bakoitza mundu bat da. Jon Ander bolada onean dago, konfiantza handiarekin, eta aurkari gogorra izango da niretzat», bota zuen, faborito kontuak ahaztu nahian.

Horri buruz galdetu zioten Peñari ere. «Ez nuen nire benetako maila eman. Orain, ordea, gustura nago, Peio Etxeberriaren kontrako partidan dena ongi irten zitzaidan», onartu zuen, iaz lehiaketa honetan bertan galdutako finala ere gogoan: «Hura ahaztuta dago. Galtzea tokatu zen –20-22 Asier Agirreren aurka–, baina partida bakarrera edozer gerta daiteke». Bakaikoaren inguruan, nafarraren gogortasuna eta defentsa nabarmendu zituen.

Sarrerak, gaur 10.00etan

Enpresek jakitera eman zutenez, Lehen Mailako finalerako sarrerak gaur 10.00etan ipiniko dira salgai internet bidez. Zehazki, Entradasfronton.com webgunearen bitartez erosi beharko dira, Aspek eta Asegarcek martxan jarri duten atari berrian.

Nafarroa Arenan hilaren 18an jokatuko den finalerako sarreren prezioak 40 (erreboteko lehen pisua) eta 100 (beheko kantxak) euro artekoak dira. Tar- tean, 50 (erreboteko 13-16 lerroak), 70 (erreboteko 3-12 lerroak) eta 80 (goiko kantxak) eurokoak ere izango dira salgai.