Idoia ERASO
ANGELU

Bost urteko arrakastaren ondoren, hornidura funtsa sortu du Lurzaindiak

Akziodunen ekarpenei esker, Lurzaindiak nekazaritza eta abeltzaintza lagundu ahal izan ditu Ipar Euskal Herrian. Orain hornidura-funtsa sortu du, dohaintzak eta herentziak ere eskuratu ahal izateko.

Ingurumena errespetatzea, ekonomia herrikoia garatzea, kalitatezko laborantza iraunkorra sustatzea eta espekulazioa gelditzea du helburu Lurzaindiak, 2013. urtetik. Elkartasunezko inbertsio tresna honek 716.705 euro bildu ditu, 3.175 akziodun solidariori esker.

Desmartxa honen bitartez 148 hektarea lehen sektorean mantendu dituzte, zazpi baserri atxiki eta kalitatezko ekimen edo labelekin bat egiten duten zortzi laborari instalatu edo mantendu ahal izan dira.

Orain arte akziodun izatea zen aukera bakarra, baina hemendik goiti, dotazio funtsari esker, norbanako zein enpresek dohaintzak egin ditzakete, bai dirutan, baita lur edo etxaldeak emanez ere. Akzioek bezala dohaintzek ere zerga-salbuespena dutela nabarmendu dute Lurzaindiako presidente Dominique Ameztoyk eta Maryse Cachenaut elkarteko kideak. %60ko jaitsiera ekartzen du enpresentzat, eta %66koa norbanakoentzat. Herentziak ere jaso ditzakete orain.

Egituraren azken erosketa Donaixti-Ibarren izan da. Urriaren bukaeran 30 hektarea eskuratu zituen 85.758 euroan. Bertako Arla etxaldean manex buru beltz ardiaren esnearekin lan eginen duten laborariak ariko dira. Gazta egitea eta zirkuitu laburreko salmenta dute helburu, eta heldu den hilabeteetan instalatuko dira.