Ion SALGADO
GASTEIZ

Mozal Legeak Lakuari 1,2 milioi euro eman dizkiola salatu dute

Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak azaldu duenez, azkeneko hiru urteetan 1,2 milioi euro bildu ditu Lakuak Herritarren Segurtasun Legeari esker. Plataformak legea indargabetu dadila eskatzen du, eta Iñigo Urkulluren Gobernuari gogorarazi dio Gasteizko Legebiltzarrak lege hori EAEn ez aplikatzea onartu zuela 2016an.

Herritarren Segurtasun Legea indarrean sartu zenetik, duela hiru urtetik, Gasteizko Gobernuak 1,2 milioi euro bildu ditu jarritako isunei esker. Hala salatu zuen atzo Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak, Lakuak argiratutako datuak aztertu ostean.

Datu horien arabera, 2015ean 2.639 espediente izapidetu zituen Ertzaintzak. Gehienak drogekin loturiko delituengatik ireki ziren, baina agintariekiko erresistentziagatik ere 273 espediente zabaldu ziren. 2016an 668 espediente ireki ziren delitu berberagatik, eta 1.058 espediente zabaldu ziren agentearekiko errespetu faltagatik; iaz, berriz, 569.

Aurten 5.695 espediente ireki dituzte dagoeneko ertzainek eta udaltzainek. Horietatik 1.103 agintariekiko errespetu faltagatik, eta 638 desobedientziagatik. Dena den, aurreko urteetan bezala, zabaldu diren espediente gehienak –2.597– drogekin zerikusia dute.

Plataformaren esanetan, datu horiek agerian uzten dute Herritarren Segurtasun Legea, Mozal Legea izenez ezagunagoa, «negozio ona dela bai Gobernu espainolarentzat –267 milioi euro bildu ditu lege honi esker–, bai Eusko Jaurlaritzarentzat».

Gogora ekarri du ertzainek plataformako kide bati 100 euroko isuna ezarri diotela elkarretaratze batean entzundako leloengatik. «Ertzaintzaren eta Gobernuaren jarrera adierazpen askatasunaren kontrakoa da, eta babesgabetasun egoeran uzten ditu herritarrak», nabarmendu du. Izan ere, lege honi esker ertzainak eta udaltzainak «epaile eta akusazio» bilakatzen dira.

Egoera horren aurrean, Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak Herritarren Segurtasun Legea indargabetu behar dela aldarrikatu du berriro ere, eta Madrilgo politikariek erabaki hori hartu bitartean, Lakuak Legebiltzarrak onartutako mozioa bete behar duela azpimarratu du plataformak; izan ere, 2016an Gasteizko Ganberak Mozal Legea EAEn ez aplikatzea onartu zuen.

EAJk eta PSEk onartutako testu hura babestu zuten, baina Pedro Sanchez Espainiako Gobernura iritsi zenean jarrera aldatu zuten. Legea indargabetu ordez, PSOEk zenbait artikulu aldatzea aski dela dio, jeltzaleek proposatzen duten bezala. Plataformak azaldu duenez, aste honetan hasi dira agerraldiak legea aldatuko duen batzordean.

Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataformak gogora ekarri du Amnesty Internationalek Herritarren Segurtasun Legeari buruz esandakoa: «Lege horrek protesta eta adierazpen askatasunerako eskubidea urratzen du».