2018/11/09

Nazioarteko etxeko eta zaintzako langileen elkargunea izango da Bilbo

Etxeko eta Zainketako Emakume Langileen Nazioarteko I. Jardunaldiak bihar abiatuko dira Bilboko Santutxu auzoko Karmela eraikinean. «Egungo zainketa eredu patriarkala» aldatzeko asmoz, «Iparralde eta Hegoalde globaleko» esperientziak partekatuko dira.

Maddi TXINTXURRETA|BILBO
1109_eko_th

«Ez neskameak ez etxekotuak». Lelo horren pean ospatuko dituzte asteburuon Etxeko eta Zainketako Emakume Langileen I. Nazioarteko Jardunaldiak Bilbon, zaintzako eta etxeko langileen auziak erdigunera ekarri eta emakumeen lan baldintzak hobetzeko xedez. Mundubat, Oxfam Intermon eta Ellacuria fundazioek antolatu dute ekimena, Zentzuz Kontsumitu partzuergoaren babesarekin.

Bihar, 10.30ean, abiatuko dira jardunaldiak, aipatu antolatzaileek egingo duten aurkezpenarekin, eta igande eguerdian amaituko dira.

Jardunaldietako protagonistak etxeko eta zaintzako langileak izango badira ere, beste arloetako «aliatu eta konplizeei» zuzendutako espazioa ere izan nahi du Karmelak. Gune feminista eta kritikoa sortuko dela aurreratu dute antolatzaileek, besteak beste, «zainketako lanak gizartean duen tokia eraldatzeko». Horretarako, herrialde ezberdinetako talde-antolakuntza eta aldarrikapen eredu ezberdinak partekatuko dira Bilbon.

Ekimen hau «aspalditik hainbat elkarte eta erakundek duten kezkatik jaio da», Sarai Martin Mundubateko kideak azaldu duenez. «Etxeko eta zainketako emakume langileen lan baldintzak hobetu ahal izateko eta gaur egungo zainketaren antolaketa-eredu bidegabea eta patriarkala errotik aldatzeko asmoz egingo dira», dio Martinek. Jakinarazi duenez, 180 pertsonak eman dute izena jardunaldietan.

Adituen hitzaldiak, partaidetza tailerrak, langileen bizi-esperientziak eta jarduera kulturalak izango dira Karmelan.

Lan aldarrikapenak

Etxeko eta zaintzako emakume langileen sarea indartzeaz gain, aldarrikapen zehatzak plazaratuko dituzte. Garrantzitsuena emakume hauen lanbidea Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean guztiz sartzea eta Langileen Estatutuaren babes osoa izatea da. Bestalde, Nazioarteko Lan Erakundearen 189. hitzarmena eta haren 201. gomendioa berrestea exijituko dute orain arteko mobilizazioetan egin duten gisara; izan ere, horiek «etxeko eta zainketako lanaren balio sozial eta ekonomikoa erakusten dute».

Hala ere, gomendiook betetzea nahikoa ez dela aldarrikatzen dute langileek: «Lan aldarrikapenak eskakizunen parte bat baino ez dira. Ezbairik gabe, erronka nagusia zainketaren denbora eta lanaren egitura errotik aldatzea da, orain eremu pribatuan, etxekotuan eta feminizatuan baztertua dagoena».

189. HITZARMENA


NLEren 189. hitzarmenak «etxeko eta zainketako lanaren balio sozial eta ekonomikoa erakusten duela» azaldu dute antolatzaileek.