Idoia ERASO

EUSKARAZKO TELEBISTA 1971N ABIATU ZEN MAITE BARNETCHEREN ESKUTIK

«Euskal Herria orai eta gero» emankizuna egin zuen Maite Barnetchek 1971 eta 1985 artean France 3 telebista publikoan. Plazaratutako 312 saioak denen eskura jarri dituzte orain, eta, hitzordua eskatuta, Euskal Kultur Erakundearen egoitzan ikus daitezke osorik.

Telebistan hasi zaizkigu eskuaraz emankizunak», dio Mattin bertsolariak Maite Barnetchek zuzendu zuen “Euskal Herria orai eta gero” saioaren lehen emankizunean. Bizi zuen une historikoaren lekuko, «bihotz erditik agurtzen ditut beira dauden euskualdunak» erraten du kamera aurrean sortutako bertsoan. Hastapena hori izan bazen, hurrengo urteetan Mattinek lagun eta oholtzakide izan zituen Xalbador, Xanpun edo Etxahun Iruriren testigantzak ere jaso ziren saioan. Hau da, 2000. urtea jada ate joka zela Sustrai Colina eta Amets Arzallusek erreleboa hartu zuten arte Ipar Euskal Herriko bertsolari “mitikoak” izan zirenak entzun daitezke saioan, baita garai horretako kultur munduko erreferente ugari ere. Besteak beste, Imanol, Txomin Heguy, Maite Idirin, Erramun Martikorena, Estitxu edo Piarres Larzabalen lekukotzak bildu zituen saioak 14 urteko ibilbidean.

Beste elkarrizketatuetako bat Daniel Landart izan zela jakinik, saioak kultur mundua soilik jorratzen zuela pentsa daiteke, baina egun idazle eta antzerkigile gisa ezagunagoa bada ere, emankizuna telebistaz eskaintzen zen garaian euskal abertzaletasunaren aldarrien bozeramaile ere bazen, eta gai politikoez ere mintzatu zen France 3 telebistan. «Garai horretan, ez ziren sekulan entzuten komunikabideetan horrelako gauzak, baina Maitek lortzen zuen hori pasaraztea, bere talentua hori zen», nabarmendu du Kattalin Totorikak. Emankizunok publikoaren esku jartzeko katalogazio lana egin du Totorikak, zeinak Barnetche ezagutzeko aukera izan zuen France Bleu irratian kazetari aritu zen garaian.

Hilabetean bi aldiz Ipar Euskal Herriari loturiko gaiak jorratzen zituen saioak, politika eta kulturaz gain, ekonomia, ikastolak, gazteria, diaspora, arrantza, ohitura zaharrak, modernitatea... Landart bezala eremu ezberdinen mugan aritzen ziren pertsonaia anitz daude Barnetcheren kamera aurrean pasatutakoen artean: Txillardegi, Telesforo Monzon, Jean Haritschelhar, Jean-Louis Davant, Jojo Bordagarai... Kirolaren munduan ezagun egin ziren Peio Dospital eta Panpi Ladutxe ere ikus daitezke. Baita goi mailako pertsonaiak kamera aurrera eramateko Barnetchren «talentuaren» erakusle diren beste batzuk, Roger Etchegaray kardinala kasu.

Katalogatze lanari esker, 350 elkarrizketatu baino gehiago identifikatu dituzte jada, baina identifikatu gabeko hamarnaka pertsona gehiago ere azaltzen dira saioetan. Ipar Euskal Herrian zehar ere ibili zen Barnetche, eta, hala, 73 herri agertzen dira telebistaz emandako 80 orenetan. Saioaren bitartez Barnetchek antropologo lana egin zuela ere esan daiteke, garaiko kontuak zein lehenagokoak ezagut baitaitezke programaren bitartez. Horren adierazle da bi partetan egindako “Errazue nola zen lehenago”. Bertan, beste hainbat gauzaren artean, tabakoari buruzko atal bat azaltzen da, non elkarrizketatuek lehen pipa luze batekin nola erretzen zen kontatzen duten. Bi emankizun berezi ere izan zituen saioak, Jeanine Elissetcheri eskainitako “Armada”. Bertan Ipar Euskal Herriko emakumea gona eta alkandora arrosarekin Armadako hegazkin batean igotzen ikusten da, eta, Barnetcheren galderei erantzunez, sei gerra hegazkin gidatu zituela kontatzen du.

Aniztasuna nagusi da telebista programan, eta, saioaren izenburuak ongi dioen bezala, “Euskal Herria orai eta gero” dugu atzematen, garaikoa deskubritzeaz gain, egungo errealitatearen jatorria eta garapena ezagutzeko tresna baliagarria baita. Egun oraindik proiektu arrakastatsua den Alki kooperatibari buruzko erreportajean, Arrasateko eredua hartuz eratu zen enpresa sortu berria ezagutzera ematen da. Edota beste saio batean, egungo borroka izaten jarraitzen duen laborarien egoera lantzen da, lurrarekiko maitasuna eta jardunean jarraitzeko motibazioak aztertuz.

Katalogazio lana

Saioaren katalogazio lana Euskal Kultur Erakundeak INA Frantziako Ikus-entzunezko Institutu Nazionalarekin batera garatutako proiektuaren emaitza da. Funts publikook eskura jarri aitzin, katalogatze lan handia egin da. 2017tik Totorika eta Maider Bedaxagar programen fitxak sortzen aritu dira. «Emankizun guztiak begiratu ditugu. Lana Maider eta nire artean banatu dugu. Gaia zein den eman dugu, emankizunean agertzen direnak eta elkarrizketatuak identifikatu ditugu, eta laburpen bat egin dugu frantsesez eta euskaraz. Jadanik bagenituen garaiko informazio batzuk ere», azaldu du Totorikak. Saio bakoitza testuinguru historiko eta etnologikoan ere kokatu dute.

Hitzordua eskatuta saioak EKEk Uztaritzen duen egoitzan ikus daitezke. Bestalde, INAren egoitzetan ere kontsulta daitezke; Parisen, Okzitaniako Tolosan eta Bordelen, besteak beste. Programak osorik ikusteko gune jakin horietara joan behar bada ere, bederatzi minutuko laburpen txiki bat ikusgai dago EKEko webgunean.