Jon GARMENDIA
Idazlea

Ilauna

Berriro ere ikusi dituzu lertxun hauskarak zeruan hegaka; Philippe auzokideak frantsesez héron cendré direla kontatu zizun, cendré horrek ilauna dakarkielako gogora, errautsa, eta haien oihua zeruan aditu orduko zure hildakoekin oroitzen zara, hotzaren etorrerak hutsuneak handitzen dituela jakinda. Lertxunen, gaztainen eta onddoen sasoia da berriro bai, larrazken betea. Urtaro aproposa barneko nostalgiak azaleratzeko. Eta azkeneko udazkenetik zure bizitzan zer aldatu den beha zaude, negua pasatzera datozen hegaztien joan-etorriarekin parekatzen zaren artean, urteko zikloan ia dena berdintsu egiten duzun sentsazioa bizi duzulako beharbada.

Munduaren panorama ere antzekoa dela iduri zaizu, hurbiletik urrunerako bidean aldaketak txarrerako baino ez, eta gauza bat dela hildakoa faltatzea ondotik, bizilegeari egotziz samina, baina beste gauza bat dela bizirik dagoena faltatzea, kartzelak urrundu dizulako. Ezin duzu erran zein den okerrago, ez baita neurketa bat, eta hutsune bakoitzak bakoitzari uzten dio lagina. Baina euskal etxeetan falta diren seme-alabei buruz udazken gehiegitan oroitu zarela uste duzu, kartzelako ate batzuk irekitzen ari direla baina ate zabalegirik ez dela zabaltzen ari ohartzen zara, eta etengabe gauza bera errepikatu duzula, pelikula astun bat bailitzan bizitza, heldu den urteko lertxun hauskarak ikusterako aldatuko den itxaropenez.