A.K.
DONOSTIA

Zaharrak berri

Dashiell Hammetten «Uzta gorria» eta Henry Jamesen «Koxka bat estuago» lanak berrargitaratu ditu Igela argitaletxeak, 25 urteren buruan. Ez dira klasiko bakarrak, Agatha Christieren bi nobela eta Mohamed Xukriren trilogiako azken alea ere batu dira udazkeneko nobedadeetara.

Duela hogeita bost bat urte argitaratutako bi itzulpen berrikusi –eta berritzuli– eta argitaratu egin ditu Igela argitaletxeak. Dashiell Hammetten “Uzta gorria” eta Henry Jamesen “Koxka bat estuago” dira lanok, Xabier Olarrak eta Joseba Urteagak itzuliak, hurrenez hurren. «Zergatik berrargitalpena? Izan daiteke beste argitaletxe batek interesa duelako, liburuaren eskaera handia delako, edo argitaletxeak ez duelako agortutzat eman nahi. Arrazoi nagusia hirugarrenean dago. Guretzat ikonikoak dira bi liburuok eta mantendu behar direlakoan gaude». Institutuko irakasle zela itzuli zuen Olarrak “Uzta gorria”. «14, 15, 16 urteko nerabeentzat irakurgai erakargarriak behar genituen», azaldu zuen. Eta hura irakurtzeak beragan sortu zuenaz ere mintzatu zen. «1981ean ‘Cosecha roja’ irakurri ez banu, ez nintzen sekula itzultzen hasiko eta ez nuke argitaletxe bat martxan jarriko». “Uzta gorria”-k bazuen balio ikoniko hori, beraz, itzultzailearentzat, baina baita autoreak berak ere. «Hammett tribunalen aurrera deitu zuten, bere lagunak salatu nahi ez zituelako, eta kartzelan bukatu zuen. Gu bezala frankismopean bizitako jendearentzat, boterearen aurrean planto egin eta idazketaren bidez egiteak, merezi zuen itzultzea, eta orain berrargitaratzea».

“Koxka bat estuago” izan zuen hizpide Urteagak. Eta liburuaren eta autorearen inguruko bi datu estraliterario aipatu zituen. «Henry Jamesen obra hiru aldi nagusitan banatzen da eta hau hirugarrengoa da. Jatorria Canterburyko artzapezpikuarekin izandako elkarrizketa batean du. Hark kontatu zion ustez egiaz pasa zen istorio bat; bi haur umezurtz, leku aldendu batean, non agertzen baitzaizkien bi zerbitzari maltzurren izpirituak galbidera emanez». 1898an argitaratu zuen lan hau Jamesek, baina baditu aurrekari batzuk. Bi urte lehenago, beste liburu bat idazten ari zela bere Remington idazmakinan, gero eta okerrago sumatzen zuen eskuin eskumuturra. Idazkari bat kontratatu zuen bere lana idazteko. «Berak diktatu egiten zion eta horrela estilo berri bat asmatu zuen, narratzaile subjektiboaren begietatik kontatuz istorioa. Bere garaira aurreratu zen eta gerora James Joyce edo Virginia Wolf bezalako idazleek eman zioten jarraipena», aipatu du Urteagak. Jamesen lanak, ordea, nahiz eta kritika onak jaso, ez zuen jendearen artean harrera onik izan. «Oso gutxi saltzen zuen». “Koxka bat estuago” ez da bere obran estimu handitan izan zuen lana. «Komertzialegia zela zioen».

Artzapezpiku harekin izandako elkarrizketatik hartutako oharrak berreskuratu eta nobela eraiki zuen hortik abiatuta. Horrek, bai, sekulako ospea eta arrakasta eman zizkion.

Xukri eta Christie

Orotara bost itzulpen aurkeztu zituen atzo Igela argitaletxeak. Arantzazu Royo Manterolak itzulitako “Aurpegiak” liburua izan zen hirugarrena. Mohamed Xukri marokoarrak egindako trilogia autobiografikoaren hirugarren alea da. «‘Ogi hutsa’ lanean bere haurtzaroaz hitz egin zuen, garai gogorra izan zen berarentzat, eta ‘Hutsegiteen garaian’ helduaroa aztertu zuen. ‘Aurpegiak’ bere azken urteetako errepasoa da. Narrazio labur batzuen kate bat da. Ardatza Tanger da eta Xukriren helduaroa. Horiek lotzen dituzte narrazioak», esan zuen.

Azkenik, Agatha Christieren bi nobela berri itzuli ditu Igelak: “Bost txerrikumeak” eta “Etxe bihurria”. «Idazlea ikono bat da eta bere pertsonaiek ikono gisa funtzionatzen dute, identifikatzen oso errazak dira», aipatu zuen Olarrak. Beldurra eta misterioa batzen dituen formula erabili zuen Christiek. «Hilketek sortzen duten beldurra eta hiltzaileak sortzen duen misterioa», gaineratu zuen. Bere iritziz, irakurleari jarrera aktiboa eskatzen diote Christieren nobelek. «Irakurleak ikertzailea bezalakoa izan behar du, ea asmatzen duen nor den hiltzailea eta amaieran sorpresaren efektuarekin jokatzen du».