GARA
Atletismoa

Donostiako Maratoiak «errekor guztiak hobetuko ditu» 41. edizioan

Iragan urriaren 15ean Zurich Donostiako Maratoiak 40 urte bete zituen eta hilaren 25ean egingo den 41. edizioak «errekor guztiak hobetuko ditu». Hori adierazi zuten, atzo, antolatzaileek hiru distantzia dituen lasterketa honen aurkezpenean.

Izan ere, joan den asteartean, hau da, lasterketa eguna baino hamabi egun lehenago, 6.107 korrikalarik dortsala erosia zuten jada (2.801 maratoian, 2.302 maratoi erdian eta 1.004 10 kilometroko lasterketan). Beraz, dortsalak hiru distantzietan agortzea aurreikusten dute. Horretaz gain, 1.200 gaztetxo espero dira Zurich Maratoi Txiki Festan. Guztira, 8.000 pertsona inguru bilduko ditu Zurich Donostiako Maratoiak.

Gainera, orain arte izena eman dutenen %26,4 emakumezkoak dira (%14 maratoian). Beraz, «errekorra da Zurich Donostiako Maratoiarentzat», adierazi zuten. Aurreko edizioan emakumezkoak %23,44 izan ziren hiru distantzien artean eta %13,7 maratoian. Maratoi erdian %27,8tik %31,2ra pasatu da aurtengo edizioan.

Maratoian, afrikarrak faborito

Partaideen artean, gizonezkoetan aipatzekoa da Afrikatik datozen bost atleta egongo direla irteeran: John Kipkorir Mutai (2:11:08), Mathew Kemboi (2:12:00), Noah Kipruto Chepngabit (2:12:48) eta Noah Kangogo Kipsoi (2:16:50) kenyarrak, eta Hamanot Mateb Muluneh (2:16:21) etiopiarra. «Mailako» bi erbi izango dituzte 30. kilometroraino –Abdelali Razyn eta Okubay Tsegay–; beraz, 2 ordu eta 10 minutura hurbildu edo Donostiako probako marka hausteko aukera izango dute.

Emakumezkoetan, faboritoak Chaltu Negesse Chawo (2:41:57) eta Ayantu Kumela Dirbabisa (2:42:26) etiopiarrak dira.

Maratoi erdiko proban suediarrak eta finlandiarrak izan litezke garaipenaren lehian: Daniel Lundgren 10 km-ko Suediako txapelduna, Fredrik Uhrbom 2013 eta 2016an Donostian txapeldun izan zena edo Nils Spetz gizonezkoetan; eta Louise Ringström suediarra eta Suvi Miettinen finlandiarra emakumezkoetan. 10 kilometroko proban Mikaela Larsson suediarra da faboritoa.