Jasone Agirre Garitaonandia
EH Bilduko legebiltzarkidea
KOLABORAZIOA

Herria eta haustura

Argentinan, Mar del Platan, euskal komunitatearekin batu da orain dela egun batzuk Urkullu lehendakaria. Ni ere han izan nintzen, Legebiltzarreko ordezkaritza batekin. Polita izan zen hitz-hartzearen aurretik zelan hartu zuten lehendakaria Argentinako euskaldunek. Zaharrenak hunkitu egin ziren. Besarkada luzeak, negar anpuluren bat ere bai. Eurentzat, bere pertsonaz haratago, lehendakaria da. Sinbolo bat.

Euskal komunitateko lagun gehienak porrot edo frustrazioaren seme-alabak dira. Gerrak, diktadurak edo pobreziak dakarren porrot eta frustraziotik ihesi joandakoak dira, edo haren ondorengoak. Horregatik hunkitzen dira lehendakaria euren artean dagoenean. Lehendakaria lorpen handi bat bezala ikusten dutelako. Eta, jakina, autogobernua ere lorpena da eurentzat, nahiz eta han gehienak independentistak izan.

Eta Urkullu lehendakariak, han, Argentinan, euskal komunitatearen aurrean, Kataluniatik zein irakaspen atera genezakeen galdetu ziotenean, esan zuen autogobernu gehiago gura izateak haustura soziala ekar lezakeela. Harrigarria. Nire koadernoan jaso nuen esaldia. Eta, orain, alderantziz egingo nuke nik galdera: autogobernu gehiago gura ez izateak haustura soziala ekarriko du?

Gure aurrekoek herri libre batekin amestu izan ez balute, askatasun gehiago nahi izan ez balute eta horren alde gogor egin izan ez balute, Iñigo Urkullu ez litzateke lehendakaria izango. Ez litzateke lehendakaria izango, ez litzatekeelako lehendakaririk egongo. Handia da, beraz, daukan ardura, gure aurrekoen oinordetzaren sinboloa delako.

Ameriketara alde egin zutenek bizi hobe baten bila egin zuten alde. Hemen bizi garenok ere bizi hobea nahi dugu. Horregatik, herri honen gehiengo batek, momentu honetan, beste estatus politiko bat gura du: hobeto bizitzeko. Horrek haustura soziala ekarriko duela uste du lehendakariak? Guk geuk gure pentsioak zenbatekoak izan behar diren erabaki gura izateak haustura soziala ekarriko al du? Guk geuk gure seme-alabentzat zein hezkuntza gura dugun hemen erabakitzeak haustura soziala ekarriko al du? Autogobernu ponentziak haustura ekarri duela uste al du Urkullu jaunak? Herri honetako bi indar handienek akordio bat lortu izanak haustura soziala ekarri du?

Kontrara esango nuke. Autogobernu gehiago nahi izateak, Estatuarekin berdinen arteko hartu-emana nahi izateak herri honen zati handi bat batu du. Hemen denok gura dugulako hobeto bizitzea: emakumeok, pentsiodunek… Autogobernu gehiago gura badugu horretarako da. Espainiarekin ez goazelako inora, herrialde antidemokratikoa delako, aurrera ez doan herrialde bat da; areago, atzera egiten ari den herrialdea. Hori da haustura soziala dakarrena eta ez autogobernu gehiago nahi izateak.

Espainiako Estatuarekin berdinen arteko hartu-emana eduki gura izatea hobeto bizitzeko da. Hori ez da haustura, kontrara, hori da batzen gaituena. Guk, Euskal Herria Bilduk, ez dugu hausturarik gura, inork ez du haustura sozialik gura.

Haustura sortzen da bakearen alde egitearren epaiketa injustu bat eduki eta politikariak espetxean sartzerakoan. Hori da haustura. Haustura da orain 40 urte adostutako estatutu bat ez betetzea. Frustrazioa da haustura. Eta frustrazioa da bizi osoan lan egin eta gero pentsio miserable bat jasotzea. Frustrazioa da emakumea izatearren gutxiago irabaztea. Frustrazio horrek dakar haustura soziala eta ez autogobernu gehiago eskatzeak.

Gure aitaren etxea defendatuko duela esan zuen lehendakariak Mar del Platan. Defendatu dezagun, elkarrekin, gure aita-amen etxea. Defendatu dezagun gure eskuekin, gure besoekin, baina, batez ere, gure arimarekin. Gu herri bat gara.