Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Eskola

Ezaguna zitzaidan ingurunetik alde egin aurretik inork galdetu izan balit zein mekanismoren arabera aukera zezakeen batek zer eta non ikasi, gustu pertsonalak aipatuko nituen ziurrenik. Ez zitzaidan burutik pasa ere egingo ikasteko aukera bera arazo izan zitekeenik “gure” kontsideratzen dudan espazio geografiko, intelektual, eta afektiboan. Banekien gauzak ez zirela beti halakoak izan; neba-arrebok izan gara familian bigarren hezkuntzako ikasketak amaitzen lehenak eta unibertsitatera joaten bakarrak. Langile klaseko kide izatea ez da oztopo izan guretzat, baina gure aurrekoek ezin dute gauza bera esan. Gaur egun bizileku dudan herrialdean jaio izan banintz, ordea, familia-jatorriak murriztu egingo zituen bigarren hezkuntza amaitzeko aukerak eta unibertsitatera joateko asmoak… hobe horiek aipatu gabe uztea. Nagoen herrialdean hezkuntza ez baita eskubide bat, gutxi batzuen eskura dagoen pribilegioa baizik. Azken horien artean ezin esan hezkuntza gauza bat eta bera denik: eskolaren arabera pertsona batek gizartean izango dituen aukerak zabalagoak ala murritzagoak izango dira. Orain arte errealitate horrek sentsazio kontrajarriak pizten zizkidan: batetik, sutu egiten ninduen, bidegabea delako, baina bestetik nire jatorriaz harro sentiarazten ninduen “gu” horrek gauzak hobeto egiten jakin duelako. Azken asteetan hezkuntza sisteman gertatzen ari den segregazioaren gainean zabaldu diren albisteak direla-eta ez dakit zer pentsatu, ordea. Oker nengoen hobeak ginela pentsatzean? Eta “gu” hori, zein da?