GARA
DONOSTIA

Korrikak Euskaraldiari «klika», ohiturak aldatzeko

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, euskaraz egiteko ekimena, Euskaraldia, guztiz babesten duela adierazi du 21. Korrikak. Euskaltegietan, ikasleek nahiz irakasleek proiektuarekin bat egiten dute. Mintzapraktika egitasmoetako partaideei gonbita egin zaie eta Ahize-AEK prestakuntza eskaintzen ari da trebatu eta ahalduntzeko.

AEK Euskaraldiaren sustatzaile eta babesleetako bat da, euskara normalizatzeko eginkizunean elkarlanean, auzolanean eta aktibazioan erabat sinesten duelako. «Gainera, uste dugu Euskaraldiak lan egiteko bestelako moldeak ekarriko dituela, sareak eraikitzeko baliagarria izango dela, eta tresna indartsua bihurtuko dela euskarari prestigioa emateko», nabarmendu du.

“Klika” da Korrika honen leloa. Asier Amondo arduradunak azaldu duenez, «klika egitea aukera bat hartzea da, euskararena». Estu lotua dago hori Euskaraldiarekin eta ohitura aldaketarekin. Konpromisoak hartzeko garaia dela aldarrikatu du Amondok.