Nerea GOTI
BILBO

«Sinergiak indartzera eta akordioak bultzatzera» jauzi egingo du Kontseiluak

Proposamenen atalean lan mardula egin ostean, hizkuntza politiketan akordioak bultzatzeko unea dela dio Kontseiluak, eta lehentasunezkoa hezkuntza da. Bide horretan eragile sozialekin lortutako sinergiak «hanka politikora» eramatea da erronketako bat.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hizkuntzaren normalizazioan aurtengo urteak emandakoaren balantzea egin zuen atzo, Bilbon. Euskararen inguruan aurten zer?; galdera horri erantzun, horren irakurketa egin, eta aurreantzean zer? galderari ere erantzun zion Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Etorkizunera begira, «aliantza berriak eta berritzaileak» aipatu zituen, «hizkuntza politik(et)an akordioak» lortzea, eta eremu horretan planteamendu iradokitzailea utzi zuen mahai gainean: «Gobernantza demokratiko berritzaileak planteatzea». «Zergatik ez bide hori esploratu?», agertu zuen.

2018ko irakurketa plazaratzeko atzoko saioak ere eragile ugari eta askotarikoak izan zituen entzule: euskalgintzako eragile nagusiez gain, besteak beste, sindikatuak (ELA, LAB, Steilas eta CCOO), instituzioetako ordezkariak, enpresa munduko ordezkariak eta alderdi politikoak. Batzuk bertan izan ziren, EH Bildu, EAJ edo Sortu esaterako, baina Elkarrekin Podemos eta PSE ere bertaratzekoak ziren, baina agenda arazoak zituztela eta ez zuten saioan parte hartzerik izan.

Hurrengo urteetara begira, eragile guztiak hizkuntzan «subjektu aktibo» bilakatzea da erronka. «Gai izan behar dugu eragile sozialekin lortutako sinergiak hanka politikora eramateko», nabarmendu zuen Bilbaok, eta irudikatu zuen hurrengo urteetako balantzeak eman beharko lukeena: «Hanka sozial sendoa eta hanka politiko indartua» izatea. Testuinguru honetan ezinbesteko ikusten du Kontseiluak «administrazioko sail eta maila guztietan eraginez, benetako zeharkakotasunez garatuko den hizkuntza politika», hain zuzen, «instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatez eraikiko den eta hizkuntza-eskubideak ardatz izango dituen hizkuntza-politika abian jartzeko».

Etorkizuna, hala ere, egindakoak marrazten du neurri handi batean, eta azken hilabeteotan euskararen normalizazio prozesuan eginiko urratsek paper nagusi bat jokatzen dute bideak jartzen eta oinarriak ezartzen, corpus juridikoan edota gizarte eragileekin sortutako harreman eta sinergiak landuz, hanka politikoan, sozialean eta juridikoan aurrerapausoak lortzeko.

Tankera horretakoa da Protokoloaren Euskal Herriko Garapena –euskarara ekarritako 185 neurriak–, «euskararen betaurrekoekin» neurri bakoitza nola aplika daitekeen zehazten duena. Horregatik, eskubide linguistikoen bermea garatzen duen protokoloa barne politiketan inplementatzea izango da hurrengo urteetako erronka bat. Horrekin lotuta, akordioen dinamika «konplexua» bada ere «lorgarriak diren akordioekin hastea» dela gakoa nabarmendu zuen Kontseiluak.

Hezkuntza, lehentasunezkoa

Lehentasunen artean hezkuntza nabarmendu zuen Kontseiluak. Bilbaok adierazi zuenez, «egun badago euskalgintzaren, hezkuntzako eragileen eta eragile sindikalen arteko adostasun handia, belaunaldi berriak euskaldunduko dituen hezkuntza eredua abian jartzeko», baita «aukera errealak» ere «beharrezko jauzia egiteko», eta «akordio bidezko estrategia lagungarria» izan daitekeela esan zuen idazkari nagusiak.

2017a «neurketa urtea» bataiatu zuen Kontseiluak, inkesta soziolinguistikoa egin eta kale erabilera neurtu baitzen iaz. Azken hamabi hilabeteotan euskararen normalizazioaren inguruan izan diren mugimenduei erreparatuta, 2018a «proposamenerako urte» izendatu dute. Ez hori bakarrik, «hizkuntza-politikarekin lotutako eztabaida» interesgarriz hornitutako urtea ere izan dela nabarmendu dute, eta hor Kontseiluak ekarpen potolo batzuk egin ditu.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Euskal Herriko Garapenaz gain, arlo propositiboan EAEko Estatutu Politiko Berriaren testuinguruan Kontseiluak egindako dokumentua dago. Era berean, herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzeko dekretu baterako proposamena egin du aurten Kontseiluak eta eredu berri bat proposatu, «jarduera eta ez lanpostua» erdigunean jarriko duena. Horrekin batera, aipatutako proposamenen artean nabarmendu zuen, EAEn egin bezala, Nafarroan euskara ikasteko doakotasuneranzko bidea marrazten duen proposamena, eta «helduen euskalduntzeak hizkuntzaren normalizazio prozesuan duen estrategikotasunaren aitortza» edota euskalduntze-prozesu osoa lagundu beharra.

Un año de propuestas que podrían marcar la normalización

Tal y como ironizó el secretario general de Kontseilua, Paul Bilbao, en lo que a normalización del euskara se refiere el balance de 2018 tampoco es para brindar, pero a la luz de las iniciativas habidas en el ámbito de la Administración y de la activación popular, este puede ser un año que perfile marcos normativos y estándares sobre los derechos lingüísticos que deberán refrendarse en las administraciones y uno de los de especial proyección es el referente al nuevo estatus político.

La propuesta de Kontseilua sobre cómo recoger el euskara y los derechos lingüísticos reúne los principios del Protocolo para la Garantía de los Derechos Lingüísticos y reclama en torno a estos garantías institucionales, normativas y jurídicas o lo que es lo mismo, plantea como «eje», situar los derechos lingüísticos entre el resto de derechos estatutarios.N.G.