GARA
Laudio - Portugalete

Aurrekontuak babesteko, pentsiodunen egoera hobetzea eskatu du Iriartek

Iaz PPrekin adostu zituzten aurrekontuak ez luzatzeko aukera bakarra daukate EAJk eta PSEk: EH Bildu. Hori gogorarazi zuen atzo Maddalen Iriartek Laudion, Gobernuari proposamena hobetzeko eskatuz.

Azkenengo egunetan bai PPk eta bai Elkarrekin Podemosek EAEko aurrekontuak negoziatzeari uko egin eta gero, EAJren eta EH Bilduren arteko hartu-emanek bereganatu dituzte foku guztiak. Larunbatean Andoni Ortuzarrek independentistei PPri jokoa ez egiteko eskatu ostean, atzo EH Bilduko bozeramaileak, Maddalen Iriartek, buelta eman zion jeltzaleen arrazoibideari: «EAJk erabaki behar du herritarren beharrei erantzungo dien aurrekontu bat nahi duen edo PPrekin eurek paktatu zituzten aurrekontuak luzatu nahi dituen». «Herri bezala zer da hobea?», gehitu zuen galdera gisa.

Laudion atzo goizean egindako ekitaldi batean, Iriartek gogorarazi zuen EAJk eta PSEk aurkeztutako aurrekontuak ez direla EH Bilduk eginen lituzkeenak, «ez dietelako behar bezala erantzuten herritarren beharrei». Hala ere, azken asteetan egin bezala, berretsi zuen «prest» daudela «bi abstentzio mahai gainean jartzeko Gobernuak bere politikak zuzendu ditzan».

«Herri akordioak gauzatzeko prest» daudela gogoratu zuen, «eskuzabaltasunez eta batez ere herritarren beharrei erantzunez». Baina marra gorriak ere garbi marraztuz: «Edo nahikoa diru dago pentsiodunen bizitza hobetzeko edo ez da aurrekonturik egongo». «Pentsiodunak, gazteak, emakumeak, enplegua eta EH Bildu edo jarraitu PPrekin adostutako aurrekontuekin». «Garaiz daude», bukatu zuen Iriartek, negoziazio mahaian eserita jarraituko dutela ulertzera emanez. Mahaian dagoen alderdi bakarra da jada.

«Zaila», Erkorekaren ustez

Negoziazioen beste aldean, Gobernuko bozeramaileak hitz egin zuen atzo, Josu Erkorekak. Lakuako proposamena «sakon» aztertzeko eskatu zion EH Bilduri, beraren hitzetan, «azken hamarkadan errenta gutxiko pertsonen bizi baldintzak hobetzeko (proposamen) sendo eta argiena» da eta.

Negoziazioak ez direla errazak izanen, hala ere, argi utzi zuen Erkorekak. Izan ere, Gobernuari proposamen berriak egitea «oso zaila» suertatuko zaiola ziurtatu zuen. «Gobernuaren aurrekontua biziki soziala zen jada gure inguruko instituzioenak ikusita, eta orain are eta sozialagoa da, koska bat estuago», esan zien Erkorekak kazetariei Portugaleten, Jose Moreno gudariari omenaldian parte hartu eta gero. 100 urte bete zituen atzo Morenok.