A.K.
DONOSTIA

Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik aztertu dute infografia batean

Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik aztertzen duen infografia osatu dute Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek, Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeorekin batera.

Ernamuina John Cheever-en “Igerilaria” ipuinean dago. «Lanaren infografia bat ikusi zuen Uxue Alberdik eta hortik abiatu ginen. Hasiera batean Maialen Lujanbioren ibilbideari buruzko infografia egitea pentsatu genuen, baina berehala konturatu ginen fokua pertsona bakarrean jartzea baino, kolektiboarengan jarri behar genuela», azaldu zuen Agirreazaldegik.

Bertsolaritzara aldaketak talde handi batek ekarri dituela iritzita, ikuspegi orokorrago batetik abiatu zuten lana Agirreazaldegik, Alberdik, Artetxek eta Labakak osatutako laukoak. Bide erdian batu zitzaizkien Txakur Gorria kolektiboko kideak. «Zerbait sortzaileagoa egin nahi genuen».

Iñigo Aranbarriren hitzak ekarri zituen gogora. «Nola Zumaia eta Getaria arteko flyschari begira ari garen bitartean giza flysch baten gainean bizi garen, eta hori ez da agerian geratu emakumeei dagokienez. Ezta bertsolaritzan ere. Geruza bat sortu orduko beste batekin estaltzen dugu. Gure buruen memorian zegoen geruzaraino jaitsi gara eta erreferentzia egin diegu emakume bertsolariei», gaineratu du.

Bertsolaritzaren baitan generoak izan duen bilakaeran hiru aldagai aipatu zituen. Emakume bertsolarien bidea, mugimendu feminista eta Akademiak egindako ikerketak. «Aldaketa horiek guztiak ekarri dituztenak islatu nahi izan ditugu infografia honetan».

«Bertsolaritzan generoak izan duen garapena ikusarazi eta modu artistikoan egin nahi izan dugu», esan zuen bere aldetik Ane Labakak, eta bertsolaritzaren definizio berrien beharraz ere mintzatu zen. Infografia hori “Jakin”, “Lanku”, “Argia” eta “Berria”-k argitaratu dute, Lakuako Gobernuaren laguntzarekin.