2018/12/06

Bin Salmanen bi hurbileko atxilotzeko eskatu du Turkiak
GARA|RIAD

Jamal Khaxoggi kazetariaren heriotza dela-eta, Turkiak Mohamed bin Salman –MBS izengoitiaz ezaguna– printze saudiarabiarraren bi hurbileko atxilotzea eskatu du. Anadolu Turkiako albiste agentziaren arabera, Ahmed al Asiri eta Saud al Qatani atxilotzea eskatu du Istanbuleko fiskal nagusiak, «heriotza planifikatu zuen taldeko» kide izatea leporatuta. Printzearen guardian zeuden biak. Urriaren 20an kargutik bota zituzten.

Khaxoggi Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatuan sartu zen urriaren 2an, ezkontzeko behar zuen dokumentazioa tramitatzeko, baina ez zen bizirik atera handik. Hasieran, Riadek onik atera zela esan zuen, baina Turkiako hedabideak frogak aireratzen hasi zirenean, onartu behar izan zuen bertan hil zela. Sorturiko borroka bati egotzi zioten, eta ondoren, eskuz ito egin zutela esan zuen Saudi Arabiak.

MSBk heriotza agindu izana ukatu duen arren, anonimatuan eginiko adierazpenetan, Turkiako agintariek heriotza agindu izana leporatzen diote.

Donald Trump presidente estatubatuarrak haren alde egin badu ere, asteartean zenbait senatari errepublikanok adierazi zuten Khaxoggi hiltzea agindu zuen «dudarik ez» dutela, CIAk ateratako ondorioak entzun ostean.