2018/12/06

Navaleko langileek salatu dute hilaren 19an kaleratuko dituztela, «bai ala bai»

Sestaoko Naval ontziolako langileak Bilboko Euskalduna jauregiaren parean elkartu ziren atzo, Iñigo Urkullu lehendakaria bertako ekonomia foroan parte hartzen ari zela-eta. Bilera bat exijitu zioten Urkulluri.

GARA|Bilbo

«KRITIKOA»


Langileen egoera «kritikoa» da, Pedro Gonzalez enpresa-batzordeko presidentearen iritziz: «Esan digute bai ala bai 19an kontsulta-aldia bukatzen dela, eta 19an kalera goaz».

Naval ontziolako beharginek elkarretaratzea egin zuten atzo Euskalduna jauregiaren kanpoaldean, bertan zegoen Iñigo Urkullu lehendakariari enpresa batzordearekin biltzea exijitzeko, ontziolaren etorkizunari buruz hitz egitea helburu.

El Correok eta Banco Santanderrek antolatutako “Aukera Ekonomikoen Foroa” izeneko biltzarrean hitza hartu zuen Urkulluk, eta Europa Pressek Navaleko enpresa-batzordeko kideak aipatuz zabaldu zuenez, ez zuen onartu langileen eskaera. Izan ere, lehendakaria barruan zegoen langileak goizeko 8.30ean iritsi zirenerako.

Sestaoko ontziolaren etorkizuna gero eta beltzago ikusten dute langileek. Pedro Gonzalez enpresa-batzordeko presidenteak esan zuen egoera «kritikoa» dela: «Enplegua Eteteko Espedientearen hirugarren bilera izan dugu, beste bi geratzen zaizkigu, eta esan digute bai ala bai 19an kontsulta-aldia bukatzen dela, eta 19an kalera goaz, akordioarekin edo akordio gabe».

Inbertitzaile bila

«Esan digute inbertsoreekin lanean jarraitzen dutela, baina orain gauden likidazio denboraldi honetan ez dutela haien izenik emango. Eta Van Oordek —draga baten burua Navalen eraiki zuen armadorea— esan zuen etorkizuneko inbertsorerik gabe ez dela gerturatuko Navalera», azaldu zuen Gonzalezek.

Juanjo Llorden batzordeko idazkariak esan zuenez, orain hiru aste Madrilgo eta Lakuako gobernuak batzordearekin bildu zirenetik ez dute kontaktu gehiago izan haiekin. «Lotsatu egin beharko lirateke. Zin egin ziguten bi astetan beste bilera bat egingo genuela eta lau igaro dira inongo erantzunik gabe», gaitzetsi du Llordenek.

Batzordeak esplikatu duenez, enpresak «indemnizazioa adostu nahi du, baina guk ez dugu dirurik adostu nahi gero kaleratuak izateko, baizik eta inbertsore bat ager dadila; enpresak lehenengo kaleratu egin nahi gaitu eta ondoren inbertsorea irits dadila».

Bestalde, Urkulluk foroan egindako hitzaldian nabarmendu zuen Lakuaren «oinarrizko zutabeak» direla ekonomiaren suspertzea eta kalitatezko enpleguaren aldeko apustua.