GARA
BARTZELONA

Baraualdia Kataluniako preso politikoekin elkartasunez

Generalitateko hainbat kontseilarik eta Parlamentuan gehiengo zabala duen independentismoaren ordezkaritza batek 24 orduko baraualdiari ekin zion atzo Bartzelonako Sarriako Caputxins-en, gose greban diren Kataluniako preso politikoei elkartasuna azaltzeko.

Espainiako Konstituzionalak euren errekurtsoak izoztea erabaki du Estrasburgora jo ez dezaten. Horrela, bada, Jordi Sanchezek eta Jordi Turullek gose grebari ekin zioten aurreko astean. Hiru egunetara bat egin zuten Josep Rullek eta Joaquim Fornek, guztiak Lledonersen giltzapetuta.

Elkartasun baraualdiari ekin diotenen artean daude Govern-aren bozeramailea den Elsa Artadi eta Kulturako eta Lurraldeko conseller-ak, Laura Borras eta Damia Calvet. JxCat-etik, Eduard Pujol, Gemma Geis eta Eusebi Campdepedros; ERCtik, Sergi Sabria, Ruben Wagensberg eta Lluis Salvado; eta CUP ordezkatuz, Carles Riera.

Gune sinbolikoa

Sarriako Caputxins gune sinbolikoa da katalanentzat. 1966an bostehun bat ikaslek desafio egin zioten erregimen frankistari bertan itxialdia eginez.

Erbestean diren Carles Puigdemont president ohiak eta Marta Rovirak ere bat egingo dute baraualdian daudenekin.